Goizean goizetik nabari zen mugimendua Leitzako plazan. Saskiak beteta eraman zituzten Leitzako eta Aresoko baserritar eta ekoizleek. Barazkiak, banabarrak, gaztainak, intxaurrak, gazta, gozoak... aukera zabala zen. Azoka 10:30ean hasi zen, baina ganaduzaleentzat ordu erdi lehenago jarria zuten hitzordua. Duela bi urte bezala, aziendak Peritzako estratatik barna eraman zituzten plazara. Guztira, hamabi abeltzainek parte hartu zuten, 130 bat buru plazaratuz.
Habelarte Nafarroako Mendialdeko Baserritarren Elkarteak hartu du aurten azoka antolatzeko ardura, LeitzEKO kontsumo taldekoen laguntzarekin. Aurreko edizioetan baino jende gutxixeago izan da azokan, baina hala ere balorazio ona egin dute antolatzaileek: «Kontuan hartuta gaurko egunez azoka mordoxka zegoela inguruan, oso ongi atera da. Herriko jendea ibili da gehienbat, baina inguruko herrietatik ere etorri dira». Salmentak ere ongi joan direla diote: «Postuetakoak pozik somatu ditut, oso ongi saldu omen dutelako». Plazak hain itxura dotorea izateko, aurretik eta ondoren ere lana egin behar izaten da eta eskerrak eman nahi izan dizkiete muntatze eta desmuntatze lanetan aritu direnei: «Habelarteko kideek, azienda postuetako abeltzainek, institutuko ikasleek, kontsumo taldeko kideek eta hainbat herritar aritu dira auzolanean. Guztiekin oso eskertuak gaude».