Azaroaren 8an, igandean, Leitzako eta Aresoko produktuen azoka antolatu du Habelartek. Leitzako Udalak eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta eta LeitzEKO kontsumo taldearen laguntzarekin. Azoka 10:30etik 13:30era eginen dute, baina 09:30 aldera hasiko da mugimendua nabaritzen plazatik gertu. Duela bi urte bezala, aziendak Peritzako estratatik barna eramanen dituzte plazara. Guztira, hamabi abeltzainek parte hartuko dute eta 130 bat buru bilduko dira plazan: behiak, ardi latxa muturgorri eta muturbeltzak, behorrak, pottokak, astoak...

Aziendaz gain, herriko plaza betez, 17 postu jarriko dituzte bertako baserritar eta ekoizleek: barazkiak, banabarra, intxaurrak, gaztainak, gazta, txerrikiak, gozoak, pottokarekin egindako txorizoak, sagardoa... jarriko dituzte salgai. Taloak eta Habelartek burruntzian egindako txerrikia ere dastatzeko aukera izanen da.