LeitzEko Kontsumo Taldearen barrenean aldaketak izan dira aurten. Hamabi urtez talde eragileko kide izan direnek erreleboa eman eta proiektuari eusteko ahaleginetan ari da lantalde txiki bat. Egituran aldaketak izan dituzte, baina mamiari eusten diete: «tokian tokiko, modu justu, jasangarri eta osasuntsuan kontsumitzeko bideak landuz». Lanketa horretan, udazkenero bezala Izan burujabe zikloa antolatzea erabaki dute. Azaroaren 5etik 12ra, dokumental emanaldia, mahai ingurua, azoka, dastaketa... antolatu dituzte.
Azaroaren 3an, asteartean, Ecos de la terra dokumentala emanen dute 18:30ean Leitzako Herri Aretoan eta ondotik, solasaldia izanen da Vicky Chavez aktibistarekin.
Azaroaren 6an, ostiralean, bertako produktuekin osatutako pintxo potea eskainiko dute herriko hainbat tabernetan.
Azaroaren 7an, larunbatean, Ure Leitzen: irakurraldi kolektibo musikatu eta dastatua izanen dute Torrean, 12:30ean.
Azaroaren 8an, igandean, Leitzako eta Aresoko produktuen azoka antolatu du Habelartek. Leitzako Udalak eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta eta LeitzEKO kontsumo taldearen laguntzarekin. Azoka 10:30etik 13:30era eginen dute, baina duela bi urte bezala, aziendak Peritzako estratatik barna eramanen dituzte plazara 09:30 aldera. Guztira, hamabi abeltzainek parte hartuko dute eta 130 bat buru bilduko dira plazan: behiak, ardi latxa muturgorri eta muturbeltzak, behorrak, pottokak, astoak...
Aziendaz gain, herriko plaza betez, 17 postu jarriko dituzte bertako baserritar eta ekoizleek: barazkiak, banabarra, intxaurrak, gaztainak, gazta, txerrikiak, gozoak, pottokarekin egindako txorizoak, sagardoa... jarriko dituzte salgai. Taloak eta Habelartek burruntzian egindako txerrikia ere dastatzeko aukera izanen da.
Azaroaren 12an, ostegunean, Arturo Elosegi eta Belen Ausejorekin eginen duten mahai-inguruak borobilduko du zikloa. Atekabeltz Herrigunean elkartuko dira, 18:30ean, eta Lehorte eta uholde artean, zer diote gure errekek? galderari erantzuten saiatuko dira.