Liburutegia herri erdigunera ekartzea aspalditik izan da Leitzako Udalaren asmoetako bat eta pixkanaka ari dira hori egin ahal izateko pausoak ematen. 2019an Guraso Kristauen Biltzarrak egindako dohaintzak ireki zuen horretarako bidea: «Oialdeko lokala utzi zuen Leitzako Udalaren esku, erabilera sozial eta publikoa emateko». Udalak urri erdialdean jakinarazi du Leitzako udal liburutegi berria eraikitzeko lanak lizitatu dituela. Construcciones Noveletari esleitu dio liburutegi publiko berria eraberritzeko obra kontratua. 269.051,24 euroko aurrekontua izanen dute lanek, BEZa sartu gabe. Obrak aurten hasiko dituzte, baina data zehatza oraindik ez dago finkatuta. Lizitazio honekin, liburutegiko obraren lehendabiziko fasea eginen dute: «proiektua idatzi, egitura txukundu eta oinarria prest geldituko da». Bigarren fase batean liburutegiari itxura eman eta hornitzea da asmoa, baina dirulaguntzen menpe geldituko da.