Badira partidak emaitzatik harago doazenak. Eta joan den larunbatean Madrilgo Beti Jai pilotalekuan jokatutakoa horietako bat izan da. Emaitzari dagokionez, Iturriaga leitzarrak eta Mendiburuk 22-20 irabazi zieten Barrokali eta Olatz Ruiz de Larramendiri. Partida bikaina. Lehia, tentsioa eta tanto ikusgarriak azken unera arte. Baina markagailua baino askoz gehiago zegoen jokoan. Emakumezkoen esku pilota profesionalak lehen aldiz hartu zuen Madrilgo Beti Jai historikoko pilotaleku ederra.
Sarreran, garai batean Madrilgo frontoiak bete zituzten erraketisten memoria biltzen duen irudiarekin argazkia atera zuten Adoseko pilotariek. Kantxan, ehun urte baino gehiago geroago, beste lau emakume pilotari euren lekua hartzen. Eta azken tantoarekin, irudirik ederrena: Beti Jaiko publikoa zutik, lau pilotariak txalotzen.
Ados Pilotaren Lau eta Erdiko Txapelketaren bigarren edizioa
Hamabi pilotari ariko dira lehian iaz estreinakoz antolatutako txapelketaren bigarren edizioan. Maddi Barrokalek iaz lortutako txapela defendatuko du, eta lehiaketaren azken faseak toki berezia izanen du: Elgetak hartuko ditu ligaxkako azken jardunaldia, finalerdiak eta abenduaren 19ko final handia. Reyno Gourmetek babestuko du aurtengo txapelketa.
2026ko txapelketan honako hamabi pilotari hauek ariko dira: Maddi Barrokal, Leire Oskoz, Iera Iturriaga, Ane Mendiburu, Marta Gomez, Amaia Arrastia, Oihana Orbegozo, Alejandra Perez, Olatz Ruiz de Larramendi, Natale Aranburu, Naroa Agirre eta Maite Mujika.
Iazko sailkapeneko lehen lau pilotariek (Barrokal, Oskoz, Iturriaga eta Mendiburu) zerrendaburu izaera izango dute eta zuzenean sartuko dira ligaxkan. Gainerako zortzi pilotariek aurre-kanporaketa bana jokatuko dute:
- Orbegozo–Gomez
- Mujika–Perez
- O. R. Larramendi–Aranburu
- Agirre – Arrastia
Lehen bi norgehiagokak urriaren 30ean, ostiralean, Beasainen jokatuko dituzte. Gainerako bi kanporaketak hurrengo jardunaldian izango dira, Beasainen bertan.
Lau irabazleak zerrendaburuekin elkartuko dira ligaxkan, lau pilotariko bi multzotan.
A MULTZOA
- Barrokal
- Mendiburu
- Mujika–Perez partidako irabazlea
- Agirre–Arrastia partidako irabazlea
B MULTZOA
- Oskoz
- Iturriaga
- Orbegozo–Gomez partidako irabazlea
- O. R. Larramendi–Aranburu partidako irabazlea
Multzo bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute eta lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira. Berdinketak erabakitzeko, ligaxkako partida guztietan pilatutako tanto-aldea hartuko da kontuan.
Finalerdietan bi multzoak gurutzatuko dira: A multzoko lehen sailkatuak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak A multzoko bigarrenaren aurka.
Beasainetik Elgetara
Beasainek hartuko du txapelketaren lehen zatia. Bertan jokatuko dira aurre-kanporaketak eta ligaxkako lehen jardunaldiak, eta bertatik aterako dira Elgetan jokatuko den azken fasean txapelaren bila jarraituko duten pilotariak.
Txapelketaren azken txanpa, berriz, Elgetan jokatuko da: Azaroaren 28an, ligaxkako azken jardunaldia. Abenduaren 12an, finalerdiak. Abenduaren 19an, final handia.