300 lagun bildu ziren Leitzan Maxurrenea herrintzat izatea eskatuz

TTIPI-TTAPA 2013ko eka. 10a, 11:39

300 bat lagunek eskatu zuten larunbatean Maxurrenea herriari itzultzea. Utzitako argazkia

Ekainaren 27an aztertuko dute leitzarren eskaera Nafarroako Parlamentuan

Ekainaren 8an, larunbat eguerdian "Maxurrenea Herrintzat" plataformak deituta manifestazio arrakastatsua burutu zuten Leitzan. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, 300 pertsona inguru bildu dira Leitzako kaleetan, berriz ere herriaren nahia errespetatu dadin eskatuz.

Ekainaren 8an, larunbat eguerdian "Maxurrenea Herrintzat" plataformak deituta manifestazio arrakastatsua burutu zuten Leitzan. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, 300 pertsona inguru bildu dira Leitzako kaleetan, berriz ere herriaren nahia errespetatu dadin eskatuz.

Hain zuzen, “Herriaren nahia errespetatu, Maxurrenea herrintzat” goiburupean egin da manifestazioa eta euripean ibilbidea egin ondotik, idatzia irakurri zuten Maxurrenea Herrintzat plataformako kideek plazan.

Hasteko eskerrak eman zizkieten leitzar guziei, «izugarrizko lana egiten ari zaretelako! Plataforma osatzen dugun kideak zuen bozgorailu soila besterik ez garelako».

Urte hasieran «herri honen aldarrikapen historiko bat berrerartzea» erabaki zutenetik emandako urratsak ere azaldu zituzten. Parlamentuan talde politiko ezberdinen babesa jaso zuten: «PPNk bakarrik jarri zuen zalantzan Maxurrenea leitzarrei itzuli behar zitzaiola. Gehiengo batek zilegi eta arrazoizko ikusten du herri honen aldarrikapena». Ekainaren 27an, leitzarrek parlamentuari egindako eskaera aztertuko dute eta babes berbera jasotzea espero dute, «harrituko gintuzke kontrakoak».

Hala ere, gogoratu zuten Maxurrenea leitzarrei itzultzeko erabakiaren ardura Nafarroako Gobernuarena dela, «bere esku dago etxea leitzarren zerbitzura jartzeko edo koartel gisa mantentzeko erabakia».

Horregatik uste dute orain inoz baino gehiago Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatu behar dutela, «ez dute aitzakiarik gurea, leitzarrena den etxea, Espainiar Gobernuari alokatzen jarraitu eta herriari ez itzultzeko». Xede horrekin lanean segituko dute, sinaduren kanpaina indartuko dute eta oraindik sinatu ez duenak herriko denda eta komertzioetara jo dezake, bertan izango baitu aukera. Ekimen berriak ere iragarri dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun