Murrizketen aurkako Herri Taldeak deituta, lip-dup-a edo bideo grabazioa egin zuten larunbatean Leitzan. Ekimenean parte hartzera deituak zeuden 60 eragile edo taldeez gain, hainbat herritar izan ziren hurbildu zirenak: baserritarrak, osasun etxeko langileak, ikasle, irakasle eta gurasoak, suhiltzaileak, kirolariak, tabernariak, dendariak, jubilatuak, Sarrioko langileak, mekanikariak... Ehunka lagun atera ziren murrizketei ezetz esateko kalera. 12 minutuko grabazioa bertso batekin hasi zen eta amaiera herriko plazan eman zioten.
Amaieran murrizketen aurkako Herri Taldeak ekimenaren arrazoia azaldu zuen. Eguneroko bizimoduan, gobernutik ezartzen dizkiguten murrizketak "izan direla, gertatzen direla eta segur aski gehiago izanen direla" azaldu zuten batzordeko kideek. Gaineratu zutenez, “murrizketa hauek modu batean zein bestean denoi eragiten digute, bai pentsioetan, osasun mailako zerbitzuetan, irakaskuntzan... Azken finean, zerbitzu sozialetan eta ondorioz, gure egunerokotasunean”. Patriketan guztioi eragiten digula oroitarazi zuten, “baina gure amorrazioa ere areagotzen da, jaikitzerakoan egunero korrupzio kasu berriren bat jasotzen dugulako”. Horri erantzuna kalean eman behar zaiola iritzita antolatu zuten bideo grabazioa larunbatean Leitzan. Murrizketarik Ez oihukatuz eta txalo zaparrada batekin eman zioten ekimenari bukaera.