Langile bat zauritu zen atzo eguerdiko 13:30ak aldera Leitzako paper fabrikan. Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, 28 urteko gizonezkoa izan zen zauritua, eta Doneztebekoa da. Hurbileko jendeak jakinarazi digu, Xanti Uterga erremontista dela zauritua.
Gazteak besoetako bat, ukondoaren gainetik, makina batean harrapatu zuen eta istripuak zauri larriak eragin zizkion. Gizonezkoa ohiko anbulantzia batean eraman zuten lehenik, baina gero osatuago batera aldatu zuten Iruñeako San Miguel klinikara eramateko. Iluntzean artatua izan zen eta Oriamendi elkartekoek adierazi dutenez, atzo gauean egonkor zegoen. Istripua argitze aldera, gertatutakoa ikertzen ari dira Polizia Zientifikoko eta Judizialeko kideak.