Urtarrilean hasi zen Mendialdea Mankomunitatea lanean; Leitza, Goizueta, Arano, Areso, Lekunberri eta Larraungo hondakinak kudeatzen dituen mankomunitatea, alegia. Aldaketa nabarmena ekarri du zerbitzu berriak herri hauetara, eta guztietan adierazgarriena, orain arte bereizten ez ziren hondakinak bereizi beharra izan da. Orain artekoaz eta hemendik aurrerako egitasmoez mintzatu zaigu Xabier Zabalo, Mendialdea Mankomunitateko lehendakaria eta Leitzako alkatea.
DATU BAIKORRAK
«Aurreneko datuak onak dira: 4.560 kilo enbase bildu dira, 26.000 kilo paper eta kartoi, eta 126.000 kilo zabor organiko. Eta emaitza ikusita pozik gaude. Aspalditik zegoen bereizketa egiteko beharra, baina ez dakit zergatik, berandu ailegatu da»
Nolako balorazioa eginen zenuke?
Hasiera guztiak gogorrak izaten dira, baina zerbitzua ongi doa. Bi kamioi daude martxan eta aurreneko datuak onak dira: 4.560 kilo enbase bildu dira, 26.000 kilo paper eta kartoi, eta 126.000 kilo zabor organiko. Eta emaitza ikusita pozik gaude. Aspalditik zegoen bereizketa egiteko beharra, baina ez dakit zergatik, berandu ailegatu da.
Atez-ateko bilketa edo beste sistemaren bat pasatu al zaizue burutik?
Atez-atekoarena planteatu dugu eta Usurbil eta Hernaniko alkateekin ere egon gara. Baina gure eskualdea oso berezia da: 300 kilometro koadrotan 6.000 biztanle ditu. Halere, gure datuekin azterketa bat egingo dutela esan digute, eta zerbait mistoa egin daitekeela, herri koxkorrenetan modu batera eta ttikienetan beste modu batera eginez. Esperoan gaude ea zer esaten diguten, baina iniziatiba oso begi onez ikusten dugu.
Zein helbururekin sortu da Mendialdea Mankomunitatea?
Mankomunitatea sortzeko saiakera asko egin dira, eta azkenean legealdi honetan jarri da martxan. Hasiera honetan, hondakinekin hasi gara lanean, behar haundiena hor zegoela uste genuelako, eta oinarrizko zerbitzuak ere falta zirelako. Baina zerbitzu orokor asko emateko sortu da Mankomunitatea eta zabaltzen joango gara: Aralar Musika Eskola, Garapen Agentzia... Sei herri gara orain, baina Mankomunitatea ez dago itxita.
Zein dira aldaketa nagusienak?
Alde batetik, bilketa puntuak desagertu egin dira, sei herrien artean 500etik 300era. Baina, aldi berean, bilketaren maiztasuna igo egin da. Jendea kexatu egin da edukiontziak urruti gelditu zaizkiolako, baina puntu gatazkatsu batzuetatik kendu egin dira edukiontziak. Tasak ere igo egin dira, eta herri batzuetan besteetan baino haundiagoa izan da aldaketa.
Nola egiten da bilketa?
Oraingoz bi kamioi ditugu eta horiek ibiltzen dira sei herrietan. Bi kamioi berri eta pabiloi berri bat erosteko esleipena egin dugu, baina bitartean, Iruñeko Mankomunitateak utzi digunarekin eta Goizuetako ttiki batekin moldatzen gara. Langileak, berriz, lau kamioigidari eta administrari bat dira.
Puntu Garbia delakoak ere jartzekoak dira, ez?
Bai, hiru jarriko dira: Lekunberrikoa martxan dago dagoeneko, baina Goizueta eta Leitzakoak oraindik ez. Irailetik urte bukaera arte zabaltzea da asmoa. Produktu bereziak bilduko diren puntu finkoak izango dira: pinturak, pilak...
Zenbateko inbertsioa egin behar izan da?
Bi kamioiak erostea 340.000 euro kosta da, baina Nafarroako Gobernuak %70eko dirulaguntza eman du, eta pabiloia erostea 270.000 euro. Tasak kudeatuz, Mankomunitateak ordainduko du.
Etorkizunera begira ba al duzue zerbait egiteko asmorik?
Arropak biltzeko edukiontziak jartzeko, edalontzi erabilgarriak egiteko eta uraren kanpaina egiteko dirulaguntza eskatu dugu, baina ezetz esan dute. Beraz, ikusiko dugu.
Zerbait gaineratuko al zenuke?
Zerbitzua bi kamioi berriekin emateko pentsatua dago, eta oraingoak guztiz egokituak ez direnez, zailtasunak egon daitezke. Hortaz, urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da benetan ongi zerbitzua, kamioi berriak etortzean.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!