Nahiz eta esku pilota gehiago gustatu, neska pilotari gutxi zegoelako, ez zuen partidarik jokatzeko aukerarik izaten eta horregatik erabaki zuen palarekin saiatzea Iera Agirre leitzarrak. Eta probatu eta gustatu. 13 urterekin palan hasi zen eta orain oso gustura dabil. Gainera, duela gutti, Oiartzunen antolatzen den emakumezkoen Euskal Herriko Pala Txapelketa irabazi du, aurten bigarren aldiz. Bi urte txapelketarik irabazi gabe pasatu ondotik, garaipena «oso pozik» hartu duela aitortu digu.
ESKERRAK
«Bi pertsonari bihotzez eskerrak. Txope entrenatzaileari dakidan guztia berari zor diodalako, eta bereziki amari, 7 urte nituenetik jolastu ditudan partida guztietan hor egoteagatik. Beraiek dira txapel bana merezi dutenak. Mila esker»
Esku pilotagatik da ezagunagoa Leitza. Pilotari haundiak eman eta ematen segitzen duelako. Baina pilotak baditu modalitate gehiago, eta pala da horietako bat. Ez beharbada bestea bezain ezaguna, baina bai emakumeen artean indar haundiagoa duena, eta gero eta gehiago. Iera Agirre da horietako bat, 13 urte zituenetik pala eskuan dabilen leitzarra. Nabarmentzen den horietakoa da gainera, berriki Euskal Herriko Pala Txapelketa irabazi baitu Oiartzunen, bigarren aldiz.
Zazpi urte zituela hasi zen esku pilotan Aurrera pilota eskolan, baina 13rekin palarako saltoa egin zuen: «esku pilota gehiago gustatzen zitzaidan, baina oso neska gutxi ibiltzen zirenez, ez genuen partidak jokatzeko aukerarik izaten». Horregatik hasi zen palan. Eta halaxe segitzen du. Geroztik 12 bat txapel baditu irabaziak.
Leitzan palarako dagoen afizioa «nahiko txikia» delakoan dago Agirre: «gehiengoak esku pilotaren aldeko hautua egiten du». Eta orokorrean ere, palaren etorkizuna «nahiko ilun» ikusten du, «batez ere, goi mailari begiratuta. Izan ere, palako profesionalen berri gutxi entzuten da eta horrek adierazten du ez dagoela mugimendu handirik».
Baina emakumeen egoera desberdina da. Leitzarraren irudiko, «neska gazte asko heldu da atzetik eta pozgarria da benetan 8-10 urteko neskak palan horrelako gogoarekin ibiltzea». Halere, oraindik ba omen dago zeregina. «Federazio, komunikabide eta azken finean gizarteak berak ez baitio modalitate honi merezi duen laguntzarik eskaintzen». Alde horretatik, Ni ere pilotari bezalako ekimenak «oso garrantzitsutzat» jo ditu, «emakumeen palari bultzada handia emateko».
Jendearen ezjakintasunaz ere mintzatu zaigu: «nik uste jende askok oraindik ez dakiela emakumeok ere pala txapelketak jokatzen ditugula». Esan digunez, «askotan gertatu izan zait palan ibiltzen naizela esan eta jendea harrituta gelditu eta ez sinestea». Eta harridura aurpegiaren ondotik zer? Apustua: «beti proposatzen didate apusturen bat, jokatzen badakidala demostratu beharko banu bezala».
Gizartean duen oihartzuna alde batera utzita, Ierak gustukoa du palaz aritzea. Aurrelaria da, eta bere ezaugarriren bat nabarmentzeko eskatuta, «hori besteek esan beharko luketela» erantzun digu. «Dena den, zerbait aipatzekotan errematea», azpimarratu digu. Hobetzeko, aldiz, «asko» omen du: «batez ere indar aldetik nahiko justu ibiltzen naiz». Mania berezirik ez duela esan digu, nahiz eta «beti pala berdinarekin eta eskumuturrekoak jantzita jolastea gustatu». Denak bezala, «irabaziz gero, beste alaitasun batekin» bueltatzen omen da etxera. Eta «nahiko lehiakorra» dela ere aitortu digu: «ez zait batere gustatzen galtzea».
Irakasle lanarekin tartekatzen ditu entrenamenduak Agirrek: astelehen eta ostegunetan bi saio egiten ditu, eta asteburuan partidarik ez badu, beste bat. Palaz gain, korrika edo bizikleta ere gustatzen zaizkiola azaldu digu.
Eta bukatzeko bi mezu: batetik, leitzar neskei palan aritzeko gonbitea: «ea gehiago animatzen diren hain polita den kirol honetan ibiltzera«. Eta bestetik, bi pertsonari «bihotzez eskerrak»: «Txope entrenatzaileari dakidan guztia berari zor diodalako, eta bereziki amari, 7 urte nituenetik jolastu ditudan partida guztietan hor egoteagatik. Beraiek dira txapel bana merezi dutenak. Mila esker».