Hiru saio berrirekin hasi du denboraldia Karrape Irratiak

TTIPI TTAPA 2008ko ira. 29a, 10:47

Irrati zapping-a, bidaia birtualak eta herriko ikasleen saioa dira

Musikaz eta jai giroz hornitutako udako saioaren ostean, Karrape Irratiak urriaren 1ean ekin zion denboraldi berriari. Arantxa Iparragirrek eta Unai Sagastibeltzak gidatzen duten irrati lokala, aurtengoan ere, berrikuntzaz josia heldu da. Pasa den denboraldiko saio batzuez gain, nobedadeak izanen dira.

Batetik, euskal irrati zapping-a delakoa dago. Euskal Herriko hainbat irratik egunerokotasunean egiten dituzten gauzen hautatze bat eskainiko da. Hartara, bestelako garrantzia eman nahi zaie euskaraz lan egiten duten irratiei.

Bestetik, Euskal Herriko herri desberdinetara eginiko bidaia birtualak daude. Saio honetan, entzun bai, baina oraindik oso ongi ezagutzen ez ditugun gure herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera emanen da. Azkenik, kanpoan ikasten duten leitzarren hamabosteroko saioa aipatu behar da. Orain hiru urte hasi zen saio hau eta orduan Euskal Herriko unibertsitate desberdinetan ikasten zuten herritarrak ziren protagonista. Aurtengoan, baina, Galizia, Katalunia eta espaniar estatuko beste hainbat gune izanen dira erreferentzia leku.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun