Europako Bide Berdeen III. Sariketa. Halaxe du izena Plazaolako Bide Berdeak lehendabiziko saria lortu duen lehiaketak. Plazaolako Partzuergo Turistikoak garapenaren eta turismoaren alorrean lortu du saria, bide berdea berreskuratzeko azken urteetan egin duen lana saritzeko eta bide batez, partzuergoaren kudeaketa sistema ona baloratzeko, udal erakundeak eta enpresa pribatuen elkarteak elkarlanean ari baitira. Sari banaketa azaroaren 7an egin zen Madrilen, Bide Berdeen Turismoa eta Osasunari buruzko jardunaldi teknikoen barrenean. Europako herrialde ezberdinetako hainbat hautagairen artean aukeratua izan zen Plazaolakoa. Zehazki, Plazaolako Bide Berdearekin batera, Espainia, Frantzia, Italia, Belgika, Erresuma Batua, Irlanda, Austria eta Txekiar Errepublikako bertze 26 kandidatura lehiatu ziren, alde batetik, garapen eta turismoaren saria lortzeko eta bertzetik, mugikortasunarena. Plazaolako ordezkariak gustura daude lortutako sariarekin, eta ate berriak irekiko dituelakoan. Horrela azaldu digu behintzat Jose Maria Aierdi presidenteak.
Plazaolako Partzuergo Turistikoa 1994an sortu zen irabazi asmorik gabeko elkartea da, sei udalek eta arlo pribatuko 130 ordezkarik osatzen dute: Areso, Basaburua, Larraun, Lekunberri, Leitza eta Iza-Gulinako Udalek eta, bertzeak bertze, ostalaritza, landetxe, artisautza eta bertze elkartetako arduradunek. Era bateko eta bertzeko hainbat ekimen eta jarduera garatu ditu, guztiak ere helburu argiarekin: zonaldeko turismo-garapena planifikatu, kudeatu eta bultzatzea; Eta guztiaren abiapuntu Plazaolako Natur Bidea. Bide zidorrak berreskuratu, Mendukiloko kobazuloak, Basaburuako haritzak, Albiasuko begiratokia, Larraun ibaiaren sorlekua, erakusketak, azokak, Plazaolako pasaportea... Urteen joanean baliabide andana garatu dute. Eta horien artean dago bide berdea berreskuratzeko proiektua ere, garai batean Plazaolako trenak Iruñea eta Donostia lotzeko egiten zuen 84 kilometroko bidea berreskuratze egitasmoa, alegia. Eginahal horretan ari dira azken urteotan, eta dagoeneko 19 kilometro atondu dituzte Mugiro (Nafarroa) eta Andoain (Gipuzkoa) artean: 2000. urtean Mugiro-Lekunberri-Uitzi bide zatian lehen zazpi kilometroak inauguratu ziren; 2001ean Uitziko tuneletik Gipuzkoako mugarako bertze 12 kilometro egokitu ziren. Moldatutako lehenbiziko bi zati horiek lortzeko, ordea, Uitziko tunela berreskuratu beharko da, 2,7 kilometrokoa. Hala, behin hau egindakoan trenbidearen Nafarroa aldeko 22 kilometro berreskuratuak geldituko ziratekeen. Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugatik Andoain bitarteko 22 kilometroko zatia, berriz, egokitua dago, nahiz eta hau ez den natur bidea. Gainerakoari dagokionean, Plazaolako Partzuergo Turistikoak azterketak egiten segitzen du Iruñera ailegatzeko gelditzen den zatia berreskuratzeko: Mugiro-Irurtzun eta Irurtzun-Iruñea zatiak, hain zuzen. Aipatzekoa da, bertzalde, bidea Nafarroako bertze inguruetara hedatzeko asmoa ez dutela baztertzen Partzuergoan, hartara, Nafarroak turismoa erakartzeko baliabide emankorra eskaini dezan.
Jose Mª AIERDI Plazaolako Partzuergo Turistikoko presidentea
Zer suposatzen du Europa mailako sari honek?
Oso garrantzitsua da halako saria irabaztea, are gehiago, alor horretan gu baino historia gehiago duten Ingalaterra, Belgika eta Frantzia bezalako herrialdeek parte hartzen duten lehiaketa dela kontuan hartuta. Antzinako trenaren bidea aitzakiatzat hartuta zonaldeko kultura erakutsi izana ere saritu dute, baita Partzuergoaren kudeaketa eredua ere, entitate publikoak eta pribatuak elkarlanean ari direlako. Sariak indatsuago sentiarazteko balio izan digu, eta gainerako trenbide zatia berreskuratzeko gogoberritu gaitu.
84 kilometroko bidea berreskuratzea da helburua; dagoeneko 19 eginak...
Uitziko tunela, Mugiro-Irurtzun eta Irurtzun-Iruña zatiak gelditzen dira. Uitziko tunelarekin Lekunberritik Andoainerako zatia elkartuko da. Baina argi dugu, Plazaolako bidea interes turistiko haundiko baliabidea bilakatzeko, ibilbide haundi bat antolatu beharko dugula. Nafarroak badu horretarako aukera, eta lehiakortasun haundiko bide berdea garatu daiteke. Iruña Donostiarekin elkartuko duen bide horretaz gain, Baztan-Bidasoa aldera, Lizarra eta Irati aldera ere ailegatzen bagara, —Nafarroako Gobernuak eta udalek borondate politikoa baldin badute—, produktu interesgarri eta lehiakorra eskaintzeko moduan izanen ginateke, estatuko eta Europako leku askotan zaila izanen litzatekeen zerbait.
Iruña-Donostia zati guztia bukatua ikusteko datarik aurreikusi duzue?
Uitziko tunela bi urte barru egina egonen dela uste dut, eta Irurtzundik Iruñerako zatia ere bizpahiru urtera irekia egotea espero dugu.
Etorkizunera begira baduzue bertze egitasmorik?
Bide Berdea da proiekturik nagusiena, baina ez bakarra. Azken urteotan beste proiektuak ere landu ditugu, eta une honetan ere baditugu esku artean. Oso garrantzitsua da turismoa erakarriko duten baliabideak lantzea.
Plazaolako Trenaren historia
Plazaolak trenbide estua eta lurrunezko trakzioa izan zuen. Hastapenean, meatzerako-trena izan zen. Plazaolako meatzeetatik Andoainera burdina garraiatzeko erabili zen. Denborak aitzinera egin ahala, hasieran meatzaritzan soilik erabiltzen zen trena merkataritzarako bihurtu zen gero. 1914ko urtarrilean, ordea, Donostiatik txangozale talde batekin etorri zen trena; eta ordutik aitzinera, Donostia eta Iruñea lotzen zituen bidaiari-trena izan zen. 40 urtetan hala iraun zuen; merkataritzarako eta komunikaziorako bide izan zen, eta, aldi berean, kulturaren elkartrukerako aukera ere eman zuen. Baina hasierako garai ederrak 50. hamarkadan bukatu ziren: 1953 urteko uholdeak eta autobusen konpetentzia tarteko, bertan behera gelditu zen tren zerbitzua 1958an. Hamar urte beranduago, trenbidearen lursailak enkantean jarri eta jabetza pribatuaren esku geratu ziren. 1989an Lekunberriko Udalaren ekimenez, Plazaolaren ibilbidea natur bide gisa berreskuratzeko lehen pausoak ematen hasi ziren; 1994an Partzuergo Turistikoa eratu zen eta 2000. urtean trenbideko lehen zazpi kilometroak egokitu ziren. Gaur egun Donostia eta Iruñea lotzen dituen 84 kilometroko trenbidea berreskuratzeko lanean jarraitzen du Plazaola Partzuergo Turistikoak .
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!