Leitzelarrea inguruan dagoen Iruso jatetxe-hostalaren atarian ageri da Fran Hernandorena. Irailaren 22az geroztik gobernatzen du jatetxea eta hostala 26 urteko leitzarrak. Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak (ANAPEH) ematen duen «Establezimendu berezia» saria jaso zuen Irusok abenduaren 28an, hostalen kategorian. Epaimahaiak leku ezin hobean dagoela eta egindako zaharberritze lanak azpimarratu ditu eta «dekorazioak eta logelen dotoreziak bisitaria mundu magiko batean» murgiltzen dituela.