Autobusean

Erabiltzailearen aurpegia Leire Mihura Habans 2025ko mar. 16a, 09:30

Asteartea da, errutina beteko duzun asteko bertze egun bat. Mugikorreko alarmak jo bezain fite jaikitzen zara, gosaltzen duzu, prestatzen zara eta autobusa hartzeko etxetik ateratzen zara. Autobusari esperatu eta ailegatzen denean igan egiten zara, asteartero bezala.

Autobusean zoazela, bat-batean sakelakoa bateriarik gabe gelditzen zaizu. Orduan, motxilan gordetzen duzu eta zure ondoan doan neskari begiratzen diozu, begirada gurutzatzen duzue eta errutina jada hautsi egin duzu. Ohartzen zara ez dela eguneroko errutina horren parte zure ondoan autobusean doanarekin begirada gurutzatzea, horren partez, influencer batekin pantaila bitarteko begirada gurutzatu ohi duzulako. Eta orduan burua martxan hasten da, torlojuak biraka eta biraka eta sakelakoa zozotuta begira ari direnak zenbatzen dituzu: 40 bidaiarietatik 34 dira. % 85.

% 85 hori seguruenik munduko zenbait lekutako informazioa hartzen, analizatzen eta epaitzen ariko da momentu horretan. % 85 hori munduko edozein lekutako aurpegiak ikusten eta analizatzen ariko da momentu horretan. % 85 hori fisikoki autobusean jarrita dagoen arren, munduko edozein lekutan egonen da psikologikoki. % 85 horrek bere biziarekiko baino interes gehiago demostratzen du gainerakoen biziekiko. % 85 horrek ez du bere ingurura begiratzeko inongo intentziorik. % 85 horrek ez du bere orain eta hemen hori bizitzeko interesik. % 85 horrek beldurra ematen du horrela leituta, ezta? Ba % 85 hori denak izan ohi gara egunerokoan edo denak izan gara egunen batean.

Gaur egun, ez dugu ingurura begiratzen, ez dugu ingurua analizatzen eta hortaz, akaso, anitzetan ez dugu ingurua aldatzen. Begiratzea baita ikusteko gakoa. Begiratzen ez duenak ez duelako gaizki dagoena ikusiko eta hura aldatzeko ekimenik abiaraziko.

Baina iduri duenez, begiratzekotan, nahiago dugu pantailari begiratu. Nahiago dugu kanpokoari begiratu, akaso, hori aldatzeko ez garelako inor, ez dagoelako gure esku eta hurbilekikoarekiko ezjakintasunean bizitzea erosoagoa iduritzen zaigulako. Baina, agian, etxekoari begiratzen hasi beharko genuke, bertan dagoena ikusteko. Agian autobusean gure ondoan doanari begietara begiratzea errutinaren parte bilakatu beharko genuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun