Muga

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril. 2020ko mai. 6a, 12:45

Egun on:

 

hemen gaurkoa. 

 

Osasunez denak ongi? Hala espero dut.

 

Segi bizkor

 

 

Muga

 

Zenbatetan erran dugun mugan bizi garela muga bera aitortu nahi ez dugunok. Izan ere, inposatutako mugak sekulako eragina izan du mendeotan gugan. Kulturalki, hizkuntzari dagokionez, ohituretan… Pirinioetan inposatutako mugak bitan banatu gaitu alde batekoak eta bertzekoak.

Europako Batasunarekin mugak betirako desagertuko zirela erran ziguten. Eta guk sinetsi egin genuen. Inozenteak gu! Herrien arteko harremanak inoiz baino eskasagoak dira, ez dugu elkar ezagutzen beratarrek eta saratarrek, ez dugu elkarren berri, eta gero eta espainiarrago eta frantsesago gara batekoak eta bertzekoak, baita abertzaleenak ere.

Europako gezur handiak gero eta ageriago uzten digu mugarik ez duen bakarra kapitala dela. Dirua eta salgaiak nahieran dabiltza. Baina pertsonentzat, herritarrontzat, mugak inoiz baino handiagoak eta bortitzagoak dira. Ikusi genuen yihadismoak Frantzia kolpatu zuenean. Ikusi genuen joan den udan, G7a Miarritzen elkartu zenean. Eta berriz ere ikusi dugu pandemiaren garaiotan. Militarrez josi dizkigute bazterrak. Pelikuletan bezala, hesitu dute muga. Ibardingo gaina militarrek hartua, hesitua, arruntean itxia ikusteak min eman dit. Kontrabandistarik ez dut sumatu joan-etorrietan. Eta lanerako ere ezin pasaturik dabiltza saratarrak Berarat, lesakarrak Senpererat, erratzuarrak Baigorrirat edo Elizondokoak Ainhoarat. Muga fisikoa. Buruko muga. Biak hausteko premia ederra dugu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun