Iparra galduta

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril. 2017ko mar. 30a, 09:15

Ttipi-ttapak eskualde zabala hartzen du bere baitan. Leitzatik hasi eta Senpererat. Saratik Erratzurat, Aresotik Berarat. Eta hala ere, anitzetan, Bortzirietatik zeinen urrun sentitzen ditugun Sara eta Leitza.

Aspalditik ezaguna da Hegoaldeko biztanleek badugula Cadizen gertatzen denaz berri gehiago Baionan gertatzen denaz baino. Eta Saratarrak hobeki ezagutzen dituela Lyongoak Tuterakoak baino. Hegoaldeko edonork izendatuko ditugu Espainiako zazpi aktore, idazle, kantari, futbolari edo txutxu-mutxutako programetako protagonistak, eta kostata erranen dugu Frantziako bakar bat. Muga gure baitan dagoela bistakoa da. Berriki irakurri diot Hedoi Etxarteri «muga bat gainditzeko kontrapisu bat jarri behar dela, ezinbestean», eta «egun, Euskal Errepublikaren alde egin nahi duen Hegoaldekoak Frantzia aztertu behar lukeela. Eta Iparraldekoak Espainia. Eta Hegoaldeko zein Iparraldeko egi astunetako bat da, biak daudela beste zentro batzuetako dinamiken menpe». Ez zaio arrazoirik falta. Aspaldian, iparra galduta gabiltza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun