Astizkentan esan
Astizkentan, entrenamientuk; ortziltan, gaztik martxan; laruntin… Gero eta maizago ikusten dut gure artean modu horretan idatzitako kartel, jakinarazpen eta oharrik. Eta bitxia da, ekimen horien gibelean, salbuespenik gabe, euskaraz alfabetatutako jendea dago, D ereduan ikasi duena. Nonbait, euskara batua arrotza zaie, ez da eurena, eta benetakoak izateko forma kolokialak erabili nahi dituzte, euskalkiaren “mesedetan”. Eta oker dabiltza. Gure euskalkian ohikoak diren ortzeguna, ortziralea, ilbeltza edota bertze, erran… eta gisakoak euskara batua ere badirelako.
Ezin dut ulertu nahita gaizki idazteko joera hori. Euskara batura ailegatzeko egin den ahalegina izugarria izan da, eta eredugarria, neurri handi batean. Baina, nonbait, belaunaldi berriak lotsatu egiten dira, edo ofizialegi iruditu, edo auskalo zer. Hori bai, ahozko hizkeran, berdin-berdin darabilte esan, beste edota hitz egin. Horretarako ez dute arazorik. Ulertzea kostatzen zait.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.