Oihartzun eta burrunba handiarekin hasi dute Baztanen Zaindari ikusezina filmaren grabazioa. Aitortuko dut ez dudala irakurri ez liburu hori, ez sail bereko bertzeak ere. Eta ez zaizkidala batere erakargarriak egin, ez bakarrik generoagatik. Baztan (edo bertze lurralde bat, berdin dit) mitifikatzeko modua, gezurrezko irudi bat eraikitzeko behar hori ez zait erakargarria egiten; are gehiago, horien kontra nago. Eta ez dut zalantzarik turismoari, merkataritzari eta bertze hainbati on eginen diola honek guztiak (nahiz hemengo sosik gehienak Madrileko ekoiztetxe batek eramanen dituen).
Fikziotik dena izanen du filmak. Ez dut uste bertako kultura eta hizkuntza ezabaturik, ikusezin eginik islatu daitekeenik lurralde bat, alegiazkoa bada ere. Nahiago nuke best seller baten promoziotik bizi beharrean, aberastasuna geure-geuretik sortzeko gauza bagina, dugunari balioa emanez, estimatuz eta salduz. Baina gai horretan ere, konplexuz beteak segitzen dugu. Beti zaindarien zain, ikusezin egiten bagaituzte ere.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.