Nik nahiago izaten dut diagnostikoari dagokion hitza alde batera utzi eta emozio edo sintomei buruz hitz egin. Diagnostikoari dagokion hitza, eta betetzeko baldintzak, urteetan zehar aldatzen doaz; emozioak eta sintomak, aldiz, mantendu egiten dira urteetan zehar.
Sarritan, umeek arazorik ez dutela eta pozik bizi direla pentsatzen dugu; baina badira kontrako kasuak ere. Beraien beldur eta kezkak izaten dituzte, batzuetan errealak eta beste batzuetan imajinazioak sortutakoak. Askotan ez dute ulertzen zer gertatzen zaien, ezin izaten dute adierazi eta ezta egoera kudeatu ere; gaitasun horiek pixkanaka garatzen dira.
Egoera hau ez da batere erraza, ez umearentzat, ezta ingurukoentzat ere. Eskolan ondorioak izan ohi ditu, bai errendimenduan, baita harremanak sortu eta mantentzeko garaian ere. Frustrazioari aurre egiteko baliabide urriak izaten dira batzuetan, eta ohikoa da hainbat jardueraz gozatzeko gaitasuna murriztua izatea.
Familiek ere asko sufritzen dute. Askotan, jokabidea kontrolaezina egiten zaie, eta ez ulertzeak edo lagundu ezin izatearen sentipenak frustrazio handia sortzen du. Diagnostikoa jaso ondoren, ondorengo galdera egin ohi da sarritan: zergatik? Ez da erraza galdera horri erantzun zuzen eta oso bat ematea, hainbat faktorek baitute eragina: ingurumeneko faktoreek, pertsonalek, psikologikoek eta biologikoek. Beraz, adibidez, depresioa eta antsietatea, hainbat faktoreren arteko elkarreraginaren ondorio dira.
Inguruko faktoreen artean familia eta erabiltzen den heziketa estiloa daude; eta garrantzitsuenetakoak dira. Ondotik datoz eskola eta harreman motak. Honekin batera, pertsona bakoitzaren jokabideak eta pentsamoldeak ere badaude, testuinguruaren arabera ikasiak; baita norberaren eta ingurukoen osasun mentala eta faktore biologikoak ere, herentziaren pisua dutenak barne.
Gertakari horiek testuinguruari so egiteko beharra dagoela erakusten dute; zerbaitek aldaketa bat behar duela ikusi eta onartu behar dugu. Ez dut topikoetan erori nahi, ezta «lasai hartu» esatera mugatu nahi ere. Ikuspuntua ez da errudun baten bila ibiltzea edo geure burua zigortzea, baizik eta zer hobetu daitekeen eta nola egin ikastea. Gorputzak zerbait aldatu behar dela sentitzen duenean, mezuak bidaltzen dizkigu. Sarritan, ordea, gertatzen dena ulertzen saiatu beharrean, estaltzen saiatzen gara; eta modu horretan, egoera berriz agertzen da.
Entzun zure gorputzari.
Laster arte.