Azkeneko bi asteburuetan lasterketa aunitzetan parte hartu dute Transbidasoa-Euromaster taldeko txirrindulariek. Orain dela bi asteburu taldea bitan banatu zen eta Luziano Mitxelena, Gerardo Telletxea eta Ibon Urtiagak Aragoiko Challengean parte hartu zuten; erorketa baten ondorioz Luziano eta Gerardo lehen eguna akitu ta etxera bueltatu ziren, Ibonek froga gogor hau akitzea lortu zuen, zegoen maila ikusita ez da marka makala.
Bitartean Txutxin Fernandez eta Ion Zeberio Kantabria aldera joan ziren eta Hoz de Marrón-en eta Santander-en jokatutako lasterketetan parte hartu zuten. Hoz de Marrón-en Ion Zeberio ia lasterketa osoa ihesaldian egon ostean garaipena lortzear egon zen, baina La Aparecida-ko maldetan David Busto bera baino azkarragoa izan zen azken metroetan; Txutxinek 34. postua lortu zuen. Santanderren jokatutakoa Espainiako Kopako lasterketa zen, Ion Zeberio hasieratik ihes eginda ibili zen, hala ere lasterketa erdian tropelak harrapatu eta 20. postuan helmugaratu zen eta Txutxin 40. postuan.
Igande honetan Ion Zeberio San Mateo de Gállego-n jokatu zen Aragoi Kopako frogara joan zen. Ihesaldi saiakera aunitz egon ziren eta 20 kilometroren faltan garaile izan zen Josean Larreak bakarrik aurrera jotzea lortu zuen. Larrearen gibelean zortzikote bat osatu zen eta ezin izan zuten txirrindulari gipuzkoarra helmuga bitartean harrapatzea. Ion Zeberio zortzikote horretan azkarrena izan zen eta podiumeko bigarren koxka bereganatu zuen garailearengandik 20 segundu eskaxera.
Asteburu honetan Sabiñanigora joanen da taldea, elite eta sub23 mailako txirrindulariekin batera jokatzen den lasterketan parte hartzera.