Oraindik asko falta zaigu puntu horretara iristeko, baina gaur egun eskura daukagun adimen artifiziala oso aurreratua da duela urte gutxi geneukanarekin alderatuta. Une polita da adimen hori gure mesedetan erabiltzeko. Zer esanik ez izurrite honek bete-betean harrapatu gaituenean.
Ikertzaileak bete-betean dabiltza birusari aurre egiten lagunduko diguten sistema eta aplikazioak lortu nahian. Erresuma Batuko ospitale batzuetan, adibidez, biriketako erradiografiak automatikoki aztertzen dituen sistema bat erabiltzen hasiak dira. Garatzaileen arabera, sare neuronaletan oinarritutako adimen artifizial horrek, aztertutako kasuen % 90 baino gehiagotan asmatu omen du birikak sano dauden edo ez. Gaixoaren sintomak eta historia klinikoa jakinda, COVID-19a daukan edo ez iragartzen saiatzen diren sistemak ere dagoeneko hainbat herrialdetan erabiltzen ari dira. Noski, horrelako sistemen iragarpenak gizaki profesional batek aztertu behar ditu edozein erabaki hartu aurretik, baina diagnostiko azkarrak egiten laguntzeko egokiak izan daitezke.
Neurriak aurretik hartzea beti hobea denez, badago beste ikerkuntza lerro bat izurriteak iritsi aurretik iragartzea helburu duena, ospitaletako datuak, hegaldien fluxuak eta abar kontuan hartuz. Orain arte nahiko itzalean egon bada ere, pentsatzekoa da hemendik aurrera inbertsio handiagoak eginen direla horrelako ikerkuntzetan.
Edozein kasutan, espero dezagun Hawkingen iragarpenak ez betetzea, eta adimen artifiziala bidelagun izatea beste edozein mehatxuren aurrean ere.