XXI. mendeko urrea

Erabiltzailearen aurpegia Zuhaitz Beloki Leiza 2019ko aza. 20a, 14:00

Merkatuan arrakasta izaten ari dira sukaldeko robotak azkenaldian. Kuriositateak jota, horietako bati barrenak ateratzen ari ziren iaz bi gazte, bertan espero ez zuten pieza bat aurkitu zutenean. Mikrofono bat zen, baina aparatuak ez zeukan ahots bidez aginduak emateko mekanismorik.

Sukaldeko aparatuek, edo egunero gainean daramagun telefonoek, entzun egiten al gaituzte? Asko dira lagunekin elkarrizketa bat izan eta gero, mugikorrean gai horren inguruko publizitatea azaldu zaiela susmatu dutenak. Bestela ere, jakin badakigu gure interneteko arrastoa zein ederki jarraitzen duten publizitate pertsonalizatua erakusteko garaian. Zergatik ez dute ahotsaren teknologia erabiliko helburu horrekin, besteak beste?

«Erosotasunak sakrifikatzeko prest al gaude? Zeren truke?»


Gure datuak nola erabiltzen dituzten erakusten duten adibide ugari daude. Google Maps erabili duena konturatuko zen aplikazioak edozein errepidetako trafikoaren egoera erakusten digula denbora errealean. Edozein istripu gertatu dela, euriarengatik trafikoa moteldu dela, mapan gorriz agertzen zaigu errepidearen zati hori. Horretarako, noski, gure mugikorren kokapenaren informazioaz baliatzen dira, gure mugimenduak etengabe aztertuz.
Ez gara atzo jaioak, eta esango nuke dagoeneko gehienok jabetzen garela zein kontrolatuta gauden teknologia berrien mundu honetan. Baina benetan arduratzen al gaitu horrek? Ordainetan gero eta zerbitzu aurreratuagoak jasotzen ditugu. Gero eta bizimodu erosoagoa daukagu. Erosotasun horiek sakrifikatzeko prest al gaude? Zeren truke, zehazki?
Kontu honek hausnarketa hau egitera eramaten nau: erakunde pribatu solteek beren poltsikoak betetzeko erabiltzen gaituzte? Edo arazoa estrukturalagoa da, eta boterea duten gutxi horiek gizartea bide batetik edo bestetik eramatea dute helburu? Biak oso lotuta daude, erakunde pribatu horiek dirutza eskaintzen dien edozeini saltzen baitizkiete gure datuak. Eta, azkenean, ez dakigu datu horiek noren eskutaraino iristen diren, ez eta nola eta zertarako erabiltzen dituzten ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun