Euskara mundu digitalean

Erabiltzailearen aurpegia Zuhaitz Beloki Leiza 2019ko mai. 8a, 19:00

Dagoeneko ohituta gaude euskararen inguruko albiste txarrak entzuten. Administrazioetan ez zaiola behar duen adina pisu ematen, kaleko erabilera jaisten ari ote den… Euskarak etorkizunean bizirauteko duen arriskua ikusita, ulertzekoa da euskaldunon ikuspegi ezkorra. Baina etsia hartzen badugu, nola borrokatu lortzea ezinezko ikusten dugu horren alde?

Mezu positiboago bat zabaltzeko asmoz nator gaur. Euskarak mundu digitalean duen egoeraz ari naiz. Ez hainbeste edukiari dagokionez, sare sozialetako erabilera, adibidez, kaleko erabilerarekin zuzenean lotuta baitago. Euskararekin lan egiteko dauzkagun tresna eta teknologiaz ari naiz.
Hizkuntza baten osasun digitala neurtzeko termometro adierazgarri bat Wikipedia da. Euskarak, Wikipediaren arabera, 635 mila hiztun inguru dauzka. Artikulu kopuruari erreparatuz gero, euskara 31. postuan aurkitzen da. Europako hizkuntzen artean 21. postuan gaude, 15 eta 12 milioi hiztun dituzten greziera eta bulgarieraren aurretik, adibidez. Horrek garbi uzten du, komunitate txikia izan arren, badaukagula edukia euskaraz sortzeko gaitasunik. Izan ere, milioi bat hiztuneko zenbat artikulu-sortzaile dauden kontuan hartzen badugu, munduko hizkuntza guztien artean lehenbiziko postuan ageri zaigu euskara. Bada zerbait.

Euskal hiztun kopurua ikusita lortzen ari garena ez da makala.


Wikipediatik haratago ere, kalitatezko tresna ugari dauzkagu eskuragarri. Itzultzaile automatikoak, hiztegi digitalak, zuzentzaileak, ahotsa testu bihurtzeko tresnak... Ez gaude ingelesaren parean, noski, baina bai euskarak baino askoz ere hiztun gehiago dituzten beste hainbat hizkuntza baino egoera osasuntsuagoan. Horren adibide da Modela itzultzaile automatikoa. Adimen artifizialean punta-puntakoak diren sare neuronaletan oinarritutako teknikak erabiliz garatutako tresna hau emaitza bikainak ematen ari da euskara eta gaztelaniaren artean itzultzen.

Teknologia digitala hartzen ari den garrantzia ikusita, ia ziur esan dezakegu mundu horretara egokitzen ez den hizkuntzak etorkizun iluna daukala. Bada, euskararen hiztun kopurua kontuan hartuta, ez da makala lortzen ari garena. Ez dezagun geure burua gutxietsi, eta ikus dezagun etorkizuna itxaropenez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun