Gidaririk gabeko autoak

Erabiltzailearen aurpegia Zuhaitz Beloki Leiza 2018ko uzt. 29a, 12:00

Aurtengo martxoko gau batean, Elaine Herzberg Arizonako errepide bat gurutzatzen ari zen auto batek harrapatu eta bertan hil zuenean. Ez zen zebra-bide batean gurutzatzen ari, ez zegoen semafororik. Horrelako kasuak egunero gertatzen diren arren, istripu horrek mundu guztian oihartzun handia izan zuen. Autoak ez zeukan gidaririk.

Jende askok ibilgailu autonomoak zientzia fikziotzat zituen albiste horren berri izan arte. Izan ere, askok uste genuena baino aurreratuago dago teknologia berritzaile hori. Badira urte batzuk horrelako ibilgailuak errepide publikoetan dabiltzala, nahiz eta oraindik probetarako bakarrik baimenduta egon. Baina erne datu honi: ibilgailuen konpainiek diotenez, 2020rako merkaturatu nahi dituzte guztiz autonomoak diren autoak.
Ibilgailu autonomoak gizarteratzeak aldaketa nabarmena ekarriko du maila askotan: bukatu dira parrandara inguruko herrietara ez ateratzeko aitzakiak, eta sagardotegi garaian ere eztabaida ugari aurreztuko dira autoa nork eraman behar duen erabakitzeko orduan. Baina hortik harago, gidatzeko arazo fisikoak dituztenei ere mundu berri bat zabalduko zaie, baita oraindik gidatzeko adinik ez duten gaztetxoei edo erreflexuak galdu dituzten adinekoei ere. Gainera, lanerako bidean egunero galtzen ditugun ordu horiei ere etekina aterako genieke: ikasle alferrek bezperan egin ez zituzten etxeko lanak eginez, langileek eguneko bilerak prestatuz, edo, besterik gabe, egunkaria irakurriz. Ez litzateke harritzekoa eserlekuen kokapena ere aldatzea, mahai baten inguruan kokatuz, adibidez.
Zalantzarik gabe, bere alde txarrak ere izango ditu, hasieran batez ere. Teknologia oso aurreratuta dago, baina ausartuko al ginateke gidaririk gabeko auto batean 120 km/h-ko abiaduran joaten? Edo hiri-barruko kaosean sartzen? Bestalde, zer gertatuko da gidari profesionalen lanpostuekin? Buruhauste ugari eragingo ditu hurrengo urteetan kontu honek, baina garbi dagoena da teknologia etengabe aurrera doala, eta aldaketa asko eta handiak ezagutuko ditugula etorkizun hurbilean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun