Denoi gertatu zaigu, umetatik tresna jakin batzuk erabiltzera ohitu gara, eta behin trikimailu guztiak ikasi ditugula iruditzen zaigunean, kosta egiten zaigu aldatzea. Baina benetan izan al dugu aukerarik zein tresna erabili nahi izan ditugun erabakitzeko? Aipatu dudan konpainiak, esaterako, musu-truk banatzen ditu bere produktuak eskoletan, behin ikasle izateari utzitakoan beren produktuen truke izugarrizko dirutzak ordainaraziz. Era berean, behartu egiten gaituzte ordenagailu berriekin batera Windows-en lizentzia erostera, hortik kanpo dagoen guztia ezagutzea oztopatuz. Horrela, egin digutenaz jabetzen garenerako, haiekiko daukagun menpekotasuna erabatekoa da.
Baina zorionez, badago horri aurre egiten dion eta oso zabalduta dagoen mugimendu bat. Software libreaz ari naiz, konpainiek ordenagailuen bitartez gu kontrolatu ordez, guk programen bitartez ordenagailuak kontrolatzea helburu duena. Tresna gardenak dira, kodea ere publiko jartzen baita edonork ikusi edo bere beharretara egokitu dezan. Eta hori guztia dohainik.
Hala ere, hain barneratuta dauzkagun arazoei aurre egiteko ezinbestekoa da epe luzera jokatzea. Horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua eskoletan arreta berezia jartzea, eta hausnartzea ea benetan bide onetik ote goazen gure haurrak teknologia jabedunaren menpeko egitera eramanez.