Isilpean

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Maritorena Zubieta

Urte andana pasatu dira Euskal Herriko hamarkada ilunak pasatu zirenetik. Sarekadak, herri harresiak, torturen bidez eginiko adierazpenak, ilegalizazioak. Bai, gaur egun, ez dago dena lortua, ez baikara aske gure herrian bertan, baina garai ilun haiek apaldu dira, nire ustez behintzat. Ez dut dudan jartzen oraino ere aunitz dugula borrokatzeko, eta nola ez, irabazteko.

Aunitzek memorian iltzatuak ditugu polizien basakeriak, laguna, ezaguna edo herritarra gaueko ordu ttikietan etxetik indarrez eramana edota egindako egun osoko bidaia, kartzelako kristalaren bertze aldean bisitatutako lagunaren ondorengo etxerako bidaia, hausnartzen.

Urte horietatik atera ginen, baina urte horiek denendako ez dira akitu. Euskal Herrian 5.000 pertsona baino gehiago torturatuak izan ziren. Aunitzek bizitzari eusteko gaitasuna izan dute, aitzinerat egiteko gaitasuna, baina batzuen minak ez dira inoiz bukatzen eta garai bateko iluntasuna bizitzan gibeletik segika izaten dute.

Sendaezinak diren zauriak betirako irekiak gelditu zaizkien dozenaka dira gure artean ez daudenak, aitzinerat egiteko gai izan ez direnak eta bere bizitza akitu bertze irtenbiderik aurkitu ez dutenak. Ezin daiteke atzendu edo ezin dezakegu zer gertatu zen gure ondorengoei ez kontatu, bertze behin, isilpean daraman minak gure artean ez gelditzea erabakitzera bultzatzen duen horri eta bere familia eta lagunei geldituko zaien sufrimendua ulertzeko balioko baitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun