Datu besta

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Maritorena Zubieta 2026ko martxoaren 29a

Euskara hizkuntza eria dugula erraten da, baina zertan oinarritzen da horrela pentsatzeko? Hona hemen hainbat datu.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen enkarguz, Siadecok plazaratu duen ikerlanean, 2036ko proiekzio demolinguistikoaren datu kezkagarriak argitaratu ditu:

  • Ipar Euskal Herrian, 1996. urtean % 26,4 euskalduna zen, 2021ean % 20,1 eta 2036. urtean %17ra jauts liteke.
  • Bizkaian, 2036rako arnasguneak desagertuko dira eta hiztunen % 84,5 gaztelaniaren nagusitasun handiko eremuetan biziko dira.
  • Araban, datuak apalak dira baino hobeki eutsiko dio. Azken datuen arabera, % 30,8 euskaldunak dira eta 2036rako % 36,7 izanen dira. Gainerako herrialdeetan gertatzen den bezala, ordea, adin tarte gazteenei begira, gibeleratzea etorriko da eta goititzea eten eginen da lehenbiziko aldiz Araban ere.
  • Nafarroan, ezagutzan ere gibelera joanen da. 2021ean euskaldunak % 14,9 ziren eta ia euskaldunak % 11,4a. 2036rako euskaldunak % 11,8 eta ia euskaldunak % 9,9a izatea aurreikusten da.
  • Gipuzkoa sendoen mantenduko da, baina pixkanaka higatzen joanen da. Nahiz eta euskaldunak 2021ean % 57,6 izan eta proiekzioen arabera 2036. urtean % 61,1, gazteen artean % 90,4 izatetik % 85,4ra jaitsiko da.

Bertze hitz batzuez erranda, Siadecoren ikerlanean hiru ondorio nabarmendu daitezke:

  • Eremu euskaldunena ahuldu eginen da, arnasguneak ia desagertzeraino. Etxeko erabileraren, lehen hizkuntzaren eta nagusitasun eremuen bilakaerek argi erakusten dute.
  • Haurren eta gazteen artean gibelera pauso argia aurreikusten da, eta azken hamarraldietako lorpen handienetakoa kolokan geldituko da.
  • Orokorrean, galera aldi baten hasmenta islatzen dute datuek.

Proiekzioen aurka, 80ko hamarkadan euskarak iratzartze sendo bat izan zuen. Euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza bultzatu zituzten, helduendako hainbat euskara eskola sortu zituzten, baita ikastetxeak ere, euskarazko liburu, aldizkari eta argitalpenak areagotu ziren, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zuten euskarazko hezkuntza eta ikerketa bultzatzeko, euskal irratiak sortu ziren, bertzeak bertze.

Nafarroan oraino ere euskara ez da ofiziala lurralde osoan eta Nafarroa iparraldeko ia arnasgune guziek arnasgune izateari utziko diote 2036. urterako. Baina ez da burua makurtzeko momentua. 80ko hamarkadan egin zuten bezala, berriz ere proiekzioei kontra eginen diegu. Garikoitz Goikoetxea eta Iñaki Iurrebasok berriki argitaratu duten liburuak dioen bezala, Esnatu ala hil, ez dago bertzerik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun