Agur eta ohore

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Maritorena Zubieta 2025eko irailaren 14a

Izan Leitzako, Etxalarko, Elizondoko edo Elgorriagako karriketan ibiltzea beti gustatu izan zait. Harrotasun punttu batekin barrenak betetzen zaizkit Nafarroa iparraldean bizi naizela pentsatze hutsarekin. Umiltasunez diot, ez gaizki pentsatu. Berdetasunez inguraturik gaude, azienda nonahi ikus daiteke, leku trankila da eta ez dut imajinatzen bertze inon hobeki bizi nintekeenik. Batez ere etxeetan ohartzen naiz edozein herritara joaten naizenean. Zurezko estrukturazkoak gehienak, harri gorrizko pikarriekin eta ehunka urte zutik iraun duten etxeak.

Baina dena ez da ederra gure eskualdean. Berriki artio mendietako borda gehienetan eta herrietako etxe gehienetan familia bat bizi zen. Gero eta etxe gehiago dira, ordea, husten ari direnak, edo pertsona xaharren bat bakarrik bizi dena, eta ehunka etxe bezala etorkizuna beltza dutenak. Ez dago herririk etxe dezente egoera penagarrian ez duenik, erortzear, garai bateko handitasuna desagertua urteen poderioz.

Pertsona gutti dira etxetzar bat zaharberritzea erabakitzen dutenak. Suposatuko lukeen gastu ekonomikoa ikaragarria da. Gastua ez da traba bakarra, ordea. Legedia estua da eta traba bertzerik ez du topatuko administrazioan, eta zer erranik ez etxea babestua baldin badago, gehienak hala baitaude.

Dirulaguntzak daudela diote, herrietan despopulazioa gelditu nahi dutela diote, eta gazteak herrian gelditu nahi, baina ezin duela badakigu. Baina etxe hauek ez berritzea erabakitzen dutenak gero eta gehiago dira eta, ondorioz, lehenago edo mantsoago lurrera eroriko dira.

Zer egin edo nola jokatu egoera horri aurre egiteko? Zerbait asmatu beharra dago, bertzenaz, behin eta berriz nahi ez duguna errepikatuko da. Agur eta ohore Labaiengo Mattikonea-Xalbatonea, agur eta ohore Doneztebeko Jorge etxea eta Ameliaren etxea, agur eta ohore Arizkungo Errotaberea (etxe erdia segurik), agur eta ohore Narbarteko Seronea, agur eta ohore Arraiozko Gamio ttipia...

Etxeari errespetua zor zaio, etxea ez da gurea, gu gara etxekoak. Gu joanen gara, baina etxea hor geldituko da. Mendez mende biziraun duen etxea ezin da lurrera erortzen utzi.

Diskurtso antzuak alde batera utzi beharrak daude, egoeraren berri denok jakitun gara eta benetako apustua egiteko tenorea ere bada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun