Nire amaren lurra defendatuko dut

Indar erakustaldi baten biharamunean jaiki gara. Baztandarrok Iruñeko karrikak guttitan bete ditugu. Erdiz Bizirik plataformak deitutako manifestazioa gogoan dut, Iruñeko karrikak zintzarri hotsez bete genituenekoak, baina aldi honetan ezberdina izan da.

Manifestazio nazional batera deitua zen eta Euskal Herriko zazpi probintzietako jende artean ibili izanak bati barruak indartzen dizkio. Ez gaude bakarrik.

Aroztegiko kasua, laburbilduz, nire ustez, hiru ikuspegitatik azter daiteke.

Alde batetik, militantzia politikoa dago. Zazpi akusatuetatik lau Ernaiko militanteak dira eta hau ez da kasualitatea. Hondeamakinak geldiarazteko kanpaldian ehunka lagunek parte hartu zuten eta horietatik zazpi pertsona aukeratuak izan ziren. Herri zein gazte mugimenduetan duten inplikazio politikoa da epaile baten aitzinean jartzeko helburuetako bat.

Bertzetik, diru gosea bistakoa da. Hasiera batean, Aroztegia proiektuak 228 etxebizitza, lau izarretako hotel bat eta golf zelai bat eraikitzea zuen helburu, baina orain, Palacio de Arozteguia SL enpresak 43 milioi euroko indemnizazioa eskatu dio Nafarroako eta Espainiako gobernuei.

Eta ez dezagun sekula ahantzi Aroztegiko proiektua aitzinerat eraman ahal izateko nekazari eta herri lurrak desjabetu zirela, herritarren erabakitzeko eskubidea ukatu zela eta proiektua Baztanen eginda, bai sozialki, bai bertako hizkuntza eta kulturaren kaltetan izanen litzatekeela.

Nafarroako Gobernuak UGEPa onartu zuenean interes pribatu eta espekulatzaileak lekaroztarren eta baztandarren gainetik paratu zituen, baina ez diogu nahi duena egiten utziko. Ahal direnak eta ezin direnak egiteko prest gaude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun