Afera da ongi pasatze horrekin zer konprenitzen den. Besta giroan dena justifikatua al dago? Gehienok ergelkeriaren bat edo bertze egin izanen dugu besta giroan eta ondoko egunean, edo adin batean aitzinerat joan garenean behinik behin, gure buruendako «urde ilupe, zetako in zuken hoi?» pentsatu izanen dugu. Izan sobera edateagatik, izan kartera galtzegatik, izan kotxea behar ez den kondizioan hartu izanagatik, edo izan bertze arrazoiren batengatik.
Besta giroan zer kontsumitzen den aldatzen ari da. Ni ez naiz inor epaitzeko. Batzuk nahiagoko dute droga legalen batzuekin ase, alkoholarekin eta tabakoarekin, eta bertze batzuk nahiagoko dute ez legalekin besta egin. Besta egun puntualetan egiten da eta bakoitzaren erabaki pertsonala modu zentzudunean hartzen bada hor ez dago arazorik. Arazoa sortzen da izan batekin edo bertzearekin noraino harrotzera ailegatzen ahal den.
Mespretxuko begiradak edo komentarioak, gehienetan sozialki guttiago direnen kontura. Arraza ezberdinekoarendako, estereotipoak segitzen ez duen pertsonaren kontura edo orientazio sexual ezberdina duenaren kontura sarri. Handikeria ere gizon edo kakagixon batzuen partetik ere sortzen dira uste dutenak emakume batekiko eskubidea osoa dutela zernahi erran edo egiteko, baita bere hitzak bertze bati deseroso sentiarazteko erabiltzen dituztenak ere.
Egoera horietan da ezin garena isildu eta ezagutu edo ez ondoko pertsona hori, sufriarazten ari diren pertsona horri eskua luzatu behar zaio. Lekuz kanpo dagoena ez da erasoa hartu duena, erasotzailea baizik. Aski da bi pertsona horien artean jartzea, erasotzaileari bizkarra ematea edo egoerak eskatzen badu ostalariarengana hurbildu eta zer gertatzen ari den azaltzea. Musika gelditu eta erasotzailea jendartearen begiradapean gelditzen bada bestagunetik lekutuko da. Bertzeak duen jarrera ez hartu, ez harrotu, egindakoarengatik ebidentzian utzi eta bestagiro sano batean lekurik ez duela sentiarazi. Akaso pertsona horrek zerbait ikasiko du, edo akaso ez, baina behintzat espazio aske bat lortuko dugu eta hori, denon ardura da.