Eutsi

Duela 75 urte hasi ziren zure buruhausteak. Zureak ziren seme-alabak, herritar natiboak, alegia, desagerrarazten hasi baitziren.

Hasierako urteetan zure lurretan arrotzak sartu eta beraiek erabakitzen zituzten lurralde zatiak okupatzen hasi ziren, bertakoak erbesteratuz. Herritar natiboei lurrak eta ur iturriak kentzean, beren bizitza jasanezina bilakatu zuten eta bertze norabait joan bertze erremediorik ez zuten izan. Zure lurretan zeuden herriak desagertzen hasi ziren inoiz existitu ez bailiran. Baina kanpotarrak ez ziren asetzen, boterea zuten, eta ematen zieten, eta pixkanaka-pixkanaka dena bereganatuz joan ziren.

Nola ez dira ba bertakoak ziren (edo diren, hobeki erranda) herritarrak erresistentziarako antolatuko? «Nire amaren lurra defendatuko dut», aunitzetan aditu dugu eta antolatzea, etsaiari aurre egiteko, zilegi da.

Ez etorri niregana bai okupatzaileek bai okupatutakoek bortizkeria maila bera erabiltzen dutela erranez. Okupatzaileak eraso egiten du eta okupatutakoek, berriz, defenditu.

Palestina, zureak ziren seme-alaben artean 10.000 pertsona baino gehiago hil dituzte dagoeneko, horietatik % 40 haurrak. Palestina, zureak ziren ospitaleak eta errefuxiatu kanpamenduak bonbardatu dituzte.

Aunitzetan lidergoan daudenen inguruan gaizki erranka ibiltzen gara, baina lidergoan dagoena pertsona bat bertzerik ez da, bere gibelean dauden eta bere alde botoa eman duten pertsona orok erantzukizun maila bera du. Arrazakerian erortzeko beldur ez dut erranen Israelgo herri osoa dugula hemen erruduna, baina ez pentsa gogorik ez duenik pizten. Haien artean ere izanen da hilketa horiek ezin direla onartu erranen duenik, baina gaur-gaurkoz Israelekin zerikusia duen edozeri boikota egitea bertzerik ez dut buruan, lau haizetara oihukatu genozidio bat burutzen ari direla.

Guk, herri zapalduok bereziki, ez dugu inoiz atzenduko zer gertatzen ari den eta Palestinaren askatasuna noizbait iristen bada ospatu eginen dugu. Gora herri askeak, gora Palestina!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun