Eta geroztik? Hori dena egin eta gero? Zenbat joaten gara elizara igandero gure fedea berritzera? Fedeak mendiak mugitzen omen ditu baina gutti batzuk mugiaraziko ditu elizara joateko bidea hartzen segitzeko.
Uler dezaket elizak badituela balore positibo batzuk. Ez duzu erailko, ez duzu lapurtuko edo ez dituzu bertzeen ondasunak desiratuko, bertzeak bertze. Baina ezin daiteke ukatu jaungoikoaren izenean min handia egin dela, bai hemen eta bai munduan zehar.
Frankismo garaian eliza katolikoa erregimenarekin lerrokatu zen, eta horrela egin ez zirenak bertze milaka lagun bezala kasurik hoberenean baztertuak gelditu ziren, bertzeak fusilatuak izan zirelako.
Eliza eskoletan inposatua izan zen. Denok aditu dugu (jakin nahi duenak behintzat) apaiz eta mojen gehiegikeriek ikasle horiengan bizitza osorako marka utzi duten biztanleriaren testigantzaren bat; sexualki egindakoez mintzo naiz, bertzeak bertze.
Elizaren izenean mundu mailan gehiegikeriak egin direla bistakoa da. Hautsak harrotu zituen azkenekoa Kanadan agertu zen, non 1831tik 1996ra 150.000 haur indigenei beren familietatik bereizi, beraien kultura eta hizkuntza errotik moztu eta internatuak izan ziren. Dagoeneko zentro horietan hil eta bertan lurperatu zituzten ia 5.000 adin ttikikoren gorpuzkiak agertu dira, edo hobeki erranda, hil egin zituzten.
Kristautasuna herrialde txiroetara laguntzera ailegatu izan dela erran genezake, baina betiere interes baten inguruan, Biblia ezagutaraztera eta ikasaraztera, beren sinesmenak, hizkuntza eta ohiturak bazterraraziz, berarena inposaraziz. Bai Frantzisko Xabierkoa, zu ere helburu horrekin joan zinen, gezurra erratea bekatu da, ez erran kontrakorik.
Horregatik guztiagatik, sarrerako esaldiei bigarren esaldi bat gehitu diet:
- Haur sortu berriak ginelarik ur bedeinkatua kopetan beheiti bota ziguten, aitatxi eta amatxiri errespetuzko keinu gisa, ez bataiatzea gaizki ikusia baitzegoen.
- Bederatzi urte genituelarik jaunartzea egin genuen, opariak egonen zirela erran baitziguten etxean eta nola ukatu opariak?
- Hamasei urte genituelarik konfirmazioa egin genuen, behartuta eta nire borondatearen kontra, ordurako hasia bainintzen nire kasa pentsatzen eta elizaren inguruko errealitateak ezagutzen.
Inoiz ez ziguten galdegin ea egin nahi genuen, gurasoek beraien kristautasuna guretako ere mesedegarri izanen zela erabaki zuten eta guk, isil-isilik, beraiek errandako bidea hartu genuen.