Herriko xaharrek erraten dutenez, inguru horretako aireak birikak eta guzti garbitzen omen zituen, horko urak ez omen zuen inongo zikinkeriarik eta inguru horretako asots bakarrak behi, ardi eta behorren joareak bertzerik ez omen ziren izaten.
Lurralde hori Natura 2000 sarean zegoen kokatua eta Europar Batasunak Kontserbazio Bereziko Eremu bezala izendatua zuen.
Ez zegoen legez bakarrik babestua, bailarako biztanleriak argi zuen inguru hori bere horretan zaindu behar zela. Hola erakutsi zuten inoiz eskualde horretan izan diren herritarren elkarretaratze handienetariko batzuetan, bai 2007an baita 2022an ere.
Abeltzainek bazekiten Urbasa-Andian eta bertze bazkatoki aunitzetan idorteek bazka gutitzen eta desagerrarazten zutela, baina lurralde aberats horretako Foehn efektuari esker inon baino maizago euria egiten zuenez, parajea beti berde mantentzen omen zen. Hortaz, inguruko bazkaleku hoberenetarikotzat zuten.
Ez zuten abeltzainek bakarrik maite lurralde hori. Herritarrek oro har bazekiten inguru hori babestu beharra zela. Zer eta naturaguneak xehatzen ari ziren garaian, zer eta klimak argi erakusten zuenean jendarteak zeraman norabidea lehertzear zegoela gero eta idorte, uholde eta sute gehiagoren artean.
Baina kanpotarrek bazuten interes handia lurralde horretan. Roullier talde frantses batek munduko hainbat tokitan, Brasilen eta Iberiar penintsulan bereziki, magnesioa lortzeko alimaleko ahaleginak egiten zituen eta lurralde aberats horretan magnesioa aunitz izaki. Enpresa arrotz horrek han eta hemen bertako biztanleria lau sosekin engainatzen zuen, urte batzuetako soldata aginduz, baina lurralde horretatik bereganatzen ahal zuen materiala akitzerakoan, inolako begirunerik gabe, bertze norabait mugitzen zen. Gibelean erabat xehatutako inguru bat utziz, noski.
Zoritxarrez enpresak bazituen lagun aunitz eta Cementos Portlandeko gerente ohi bati esker lurraldean magnesioa atera ahal izateko aukera guziak ematen ahalegindu ziren. Ez ziren, ordea, bera eta bere taldekoak txikizioa babesten zuten bakarrak. «Berdeak» gisa ezagutzera ematen ziren batzuek ere enpresa frantses honi ate guziak edeki zizkioten, bertze enpresa bati familia bakarreko berrehundik goiti etxebizitza egiteko bermea ematen saiatu ziren berberak izaki.
Eta zuk irakurle, nola nahi duzu akitzea kontakizun hau? Ehun hektareako zabalpena izanen duen harrobi batekin? Hitza kendu nahi digute, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak herri galdeketa debekatu du eta guti batzuen interes ekonomikoa herritarren gainetik paratu. Gure esku dago proiektu hau gelditzea, lehenago egin genuen eta honetakoan ez gara gutiago izanen. ERDIZ BIZIRIK!