Hiretako, 'Laxkanberri'

Lehenbiziko notiziak ailegatzen hasi zirelarik berehala hasi gintuan elkarri deitzen. Ez gintuan seguru hi ote izanen hintzen edo ez, eta azkenean hala konfirmatu zigutean. Ez duk posible… ez duk posible… Ez zekiat zenbat aldiz erran izanen ote genian gure barnerako.

21 urte miserable, dena aitzinetik egiteko, bizitzeko. Ez zian hala izan behar Mikel, sobera goiz joan hintzen gure artetik.

Tanatorioan hire gurasoak, arreba, neska-laguna, familia eta lagunak hola ikustea zaila izan zuan. Alua, banitian urteak negarrik egin gabe eta hik lortu huen. Hezten  gintiztean ‘gizonek ez ditek negarrik egiten’ ideia ergel horrekin hazia nauk ni ere, baina badakik zer? Neure buruarekin trankilago sentitu ninduan negar egin ondotik.

Ez zekiat ze ostia ari hintzen maldan beheiti joan hintzelarik, inguruko aziendei begira, mugikorrarekin, burua bertze nonbait edo zer, baina afera duk orain ez hagoela gurekin. Bertzeok ikasiko ahal diagu gidatzen beti atentzioa horretan behar dugula paratu? Egia erran, Mikel, hi hil hintzenetik kotxean trankilago ibiltzen nauk, ze N-121 karretera zikin horretan... Partxeak han eta partxeak hemen, baina horko trafiko arazoak hor segituko dik. Ikusiko diagu zenbat denbora pasatzen den bertze istripu baten notizia leitu aitzinetik.

Ematen dik mantso-mantso gure lehenagoko bizitzeko manerara bueltatuko garela. Hik majo laguntzen huen Baztandarren Biltzarreko organ edo herriko bestak antolatzen. Baina ez ezak pentsatu egun horietan bakarrik oroituko garenik hitaz.

Hire meza egunean dena akitu zelarik ere, hitaz solasean aritu gintuan, beti bahuen pitokeria bat egiteko. Batek erran zian nola zapatilak xuri, garbi-garbi, zituelarik hire lehenbiziko lana hire zapatilekin bereak zikintzea izan zela. Bertze batek gogora ekarri zian laxoko pilota hartzera monoak bezala igan hintzela elizako sakristia gaineko teilatura eta ahuntzek baino salto handiagoa emanda bajatu hintzela.

Eta horixe eginen diagu hemendik aitzinerat ere Mikel. Fisikoki ez hago gure artean, baina hi bezalako batek utzitako marka beti gurekin eramanen diagu eta irri goxo batekin oroituko gaituk egiten hituen gauza guziez.

Edonon hagoela ere, besarkada handi bat, bai hiretako, bai Joxe Marirendako, bai Ixarendako, bai Leire eta Iñakirendako, bai Aialarendako, baita maite haugun guziendako ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun