Denbora horretan berari begira egoten naiz, sekulan akituko ez den miresmenarekin. Bitarte horretan buruen galdera ausarki sortzen zaizkit, berari zuzenduak…
...ttiki, sortu zinenean ez nizkizun belarritakoak paratu, noiz utziko dute mutikoa zarela galdegitetik? Ze behar dago ttikitatik ar eta eme bezala bereiztekoa? Haurra zara eta kito.
...ttiki, zure kamisetak, galtzak eta zapatilak ez daude unikornioez edo adarbakarrez josiak, bat edo bertze bakarrik da kolore arrosekoa. Zure inguruko jendeak erranen ote dizute mutikoak bezala jaunzten zarela?
...ttiki, ohartzen naiz ilehori ttar pila bat duzula lepotik barrena. Kaskezurrean sartua dugun emakumearen irudia segituko duzu haztean eta zure gorputz ataleko ileak kentzen hasiko ote zara noizbait? Edo inongo lotsarik gabe eta 'zikina' edo 'utzia' zarela pentsatzen ahal dutenen gainetik zu erosoen egiteko gai ote izanen zara?
...ttiki, bestara ateratzen hasten zarelarik burua ibili beharko duzu. Eguneroko albisteak dira emakumeen kontrako indarkeria eta hilketak. Zerbaitetan helduok huts egiten ari gara eta ez dugu izurrite honekin akitzea lortzen. Haurrak direnean helduok sortzen dugun neska eta mutil rol ezberdinduekin zerikusirik izanen ote du?
...ttiki, lagunekin solastatzeko elkartzen zarelarik gaur egun maiz erraten diren «las damas primero» edo «mujer tenía que ser» bezalako esaldiak behingoz desagertuak izanen ote dira? Emakume eta gizonaren rol bereizketa beharra berriz ere, modu naturalean erabilia.
...ttiki, zure gorputzaren jabe izanen ote zara edo emakumeen (eta gizonen) gorputz idealizatuaren irudiaren bilaketaren menpe egonen zara? Denak ezberdinak gara eta hor dago gure gorputzaren xarma eta ez komunikabideek saldu nahi diguten irudi (sasi)perfektu horren baitan.
...ttiki, akaso amatasun sentimendua zure bihotzean sortuko da eta haurrak izatea erabakiko duzu, edo agian ez. Egin ezazu sudur puntan jartzen zaizuna eta ez dezazula jendartean dagoen «ez da ama ezin duelako» edo «arroza pasako zaio» bezalako komentarioek zuri eragiten utzi.
Ni zure heziketa prozesuen zure bidelaguna izanen naiz, baita zure inguruko jendea eta eskola ere, baino lan handi bat zure kargu geldituko da, ikasitakoa desikastea. Transmititzen dizuguna ez dadila izan barneratzen duzun ikasgai bakarra, moldatu zure erara, ikusi mundua zuk nahi duzun izkinetatik eta bizi, libre bizi, 'eme' izatearen inongo beldurrik gabe.