Akitu ziren lagun arteko bestak, akitu ziren libreki mugi ahal izateko aukerak, baita familiarekin elkartzeko ohiturak ere. Afera da, noiz artio?
Akaso etorkizun hurbil batean birus honi bertze edozein birusi diogun errespetu bera izanen diogu, baina momentuz, nahiz eta bidean aunitz ikasi dugun (edo ez, zalantzak sortzen zaizkit), beldur eta kezka punttu batekin segituko dugu. Nori ez zaio pasatu ba 'ta nere etxeko xaharrei nik transmititzen badiet?', adibidez?.
Ez dugu gonbidatu baina gelditzeko etorri da eta berarekin batera errotuz doan bizitzeko gure modu berria. Dagoeneko ez dut nire lagunen besarkadarik jasotzen. Gutti atrebitzen dira ondokoaren soinburuan eskua paratzen. Irribarreak ikustea garesti dago orain.
Hasi ginen bai telematikoki bada ere solastatzeko gelditzen, baina hori ere itzaliz joan zen. Whatsapp taldeetan elkar zoriontzeko mezuak bertzerik ez dira igortzen. Eta aspertu naiz. Aspertu eta nazkatu.
Ahalegin kolektibo bat egin beharrean gaude, bertzenaz bakardadeak irentsiko gaitu. Has gaitezen maite ditugun horiekin berriz elkartzen. Lagun, eman iezadazu besarkada bat aspaldian elkarrekin egon ez baikara. Tentuz eta zentzuz, egoerak eskatzen dituen neurriekin, baina mantendu behar dugun elkarrekiko distantziak ez gaitzala elkar sekulan gehiago ez ukitzera behartu. Azken finean, urteak arin pasatzen dira eta nik seurik pasatutako urteak irribarre xamur batekin oroitzea nahiago dut.