Gaur egun gure jendartean ernalketa hainbat modutan gerta daiteke. Emakumeen arteko bikote zein ezkongaietan alde batetik eta edozein arrazoi medio haurdun gelditzen ez diren heterosexualen artean bertzetik. Kasu hauetan haurra izateko desioa errealitate bihurtzeko tratamendu, intseminazio eta fekundazioak eskubide dituzte. Pertsona horien guztien kasuan metodo hauetatik pasatzea onartua daukagu, ez digu inolako alarmarik sortzen, baina haurdunaldi subrogatuak, berriz, berehalako erreakzio negatiboa sortarazten digu.
Haurdunaldi subrogatua, nolabait erratearren, sagarrez betetako zaku bat da, non zaku horretan sagar ustelak dauden, inguruko guztia usteltzen saiatuko direnak.
Badira herrialde anitz, zuk ezagutuko dituzunak dagoeneko, emakumeez aprobetxatuko direnak, egoera kaskarrean dituzten emakumeak beren pobrezia erabiliz, pertsonak direla atzenduta erreprodukziorako bakarrik erabiliko dituztenak. Sagar ustelak.
«Gaia sakonki aztertu beharra dago iritzi bat eraiki ahal izateko»
Baina bada herrialde bat, Kanada dena (Quebec-en ez), emakumeek haur bat bertze familia batendako izatearen eskubidea aitortua dutena. Prozesu osoa erabat altruistaki egiten den bermea dago, emakumeek ospitaleko gastuak bakarrik ordaintzeko dirua jaso baitezake.
Jakin ere, AEBetan adibidez, emakume batek haurdunaldi subrogatuko prozesu batean parte hartu ahal izateko baldintza batzuk izan behar dituela. Emakume horrek egoera ekonomiko on batean dagoela demostratu behar du, ezin dezake behar ekonomiko batengatik egin. Emakume horrek aitzinetik erditu behar izan du. Emakume horrek psikologoek egindako txosten positibo bat izan behar du. Emakume horrek helburu argi bat izan behar du, desio bat, ezin duenari lagundu nahi izatea. Hori da benetako funtsa prozesu honetan, desio hori duen eta aitzinera eraman nahi duten pertsonei laguntzea. Gainera, ez dezagun atzendu emakume horrek aukeratzen duela ze bikoterendako haur bat izan. Berak baitu eskumena guraso berri horien inguruan informatzeko eta zeinendako haurdun gelditu nahi duen erabaki.
Haurdunaldi subrogatuaren inguruan sagar ustel ugari daude. Kritikak Whatsapp eta sare sozialen bidez arinki konpartitzen ditugu. Telecincon Salvamen famatu batek duen iritzi energumenoa, Sextan Ukrainiari buruz egindako alde bakarreko erreportajea edo Publicon abokatu batek idatzitako artikulua, bertzeak bertze. Sagar ustelak zakutik ken ditzagun eta behingoz behar den bezala erregulatuz sagar onekin geldi gaitezen.