«Mendian lasterka estres guztiak kanporatzen ditut»

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Maritorena 2018ko mai. 5a, 09:45
Iñaki Mihura mendian goiti, Berako Mendi Lasterketan

Iñaki Mihura Arizaleta: Arraiozko mendi korrikalaria

Duela 35 urte Arraiozen sortu zen Iñaki Mihura Arizaleta. Kirol munduan aunitz ibilia da eta oraingoan ere bere maila erakusten ari da. Laugarren izan zen Berako Mendi Maratoi Erdian, eskualdeko lehena.

Noiztik lasterketa munduan sartua?
Serio errateko moduan hau hirugarren urtea izanen da. 2015ean Nafarroa Oinezeko karreran parte hartu nuen eta karrera hartan barnekaldean horrelako ar bat sortu zitzaidain, gehiago egiteko gogoa. Geroztik karreren egutegiari kasu egiten hasi nintzen eta gero eta gehiago parte hartzen hasi nintzen.


Lehen ere kirol munduan aritua zara, ez da hala?
Lehenbizian, orain baino bastante gazteago nintzenean bizikletan ibili nintzen. Bizikleta alde batera utzi eta gero krosetan eta pistetan lasterka ibili nintzen. Ezin aipatu gabe utzi laxoa, Arraiozko taldean urte aunitzez ibili nintzen.


Berriki sari bat lortu duzu Nafarroa mailan. Zer da sari hori?
Nafarroan lasterketa aunitz egiten dira. Nere modalitatea maratoi erdiak dira. Hauen distantzian 15-22 km tartekoak izaten dira. 2017an puntuagarriek ziren zazpi mendiko lasterketa egin ziren eta hauetan lortu nuen emaitzekin lehenbizikoa gelditu nintzen. Hortaz eman zidaten sari hau.


Beran ere postu ona lortu duzu…
Bai hala da, Berako lasterketan izan zen. Apirilaren 15ean Mendi Maratoi Erdi bat zegoen eta laugarren postua lortu nuen. Beran, egia erran, maila altua izaten da eta laugarrena gelditu nintzen. Kontent nago egin nuen karrerarekin.


Zein helburu jartzen diozu zure buruari?
Nire helburu nagusia lasterketetan disfrutatzea da. Niretako lasterketetan parte hartzea egunerokotasunarekin haustea da, nolabait deskonektatzeko modu bat da, estres guziek kanporatzeko aukera. Bidenabar, jende aunitz ezagutzeko modu polita da.


Bertzerik?
2017an hoberena izan nintzen modalitatean, baino horrek ez du erran nahi Nafarroako hoberena naizenik. Bertze aunitz ez dira aurkezten eta ez zait iduritzen kristorena naizenik. Egiten dudanarekin gustora nago eta horrek du inporta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun