Egia esan, azken bi urteak nahiko otsailduak joan zaizkigu. Otsoak geroz eta hortz zorrotzagoz nabaritzen ditugu albistegietan. Trumpi, lehenaz gain, burua joaten ari zaio eta mundua hankaz gora jarri arte ez da geratuko. Palestina suntsitzen eta birrintzen ari diren otsoak ere ez omen daude geratzeko gogoz. Eskuin muturraren nagusi-jaunak odola usaintzen ari dira hurrengo hauteskundeei begira, artegian ardiei begira ari den otsoaren moduan.
Aurtengo otsailak berriz ere otsoak eta hilak ekarriko dizkigu, antza denez. Horren aurka zer eginen dugu pizti bezatuok? Zer eginen dugu aske eta lasai bizi nahi dugun kale-katuok? Leihoan esnea noiz jarriko diguten zain egon behar badugu, gosez hilko gara. Saguen atzetik ari garela uste dugunean zakurrak atzetik izanen ditugu. Otsaila bukatu eta martxoa iristea bada dugun esperantza bakarra, akabo. Ez da erraza otso hiltzaileen mundu honetan udaberriaren zain egotea. Baina esperantza da inoiz galdu behar ez dena.