Bertso eskola

Erabiltzailearen aurpegia Xabat Illarregi Marzol 2024ko aza. 30a, 09:30

Zeinen garrantzitsua eta (aldi berean) zeinen zaila den bertso eskolako taldeak sortzea. Zeinen garrantzitsua eta (aldi berean) zeinen zaila den sortuta dauden bertso eskolak bizirik mantentzea urtez urte.

Leitzan bertso munduan gabiltzanontzat berri pozgarria izan da aurten bederatzi ikasleko taldea sortu izana. Egon dira ikasle dexenteko urteak, talde berriak sortu diren urteak. Baina azken hiru bat urteetan erdi arrastan ibili eta gero, pozik gaude.

Hamaika ikasle gazte dauzkagu gaur egun. Hamaika ikasle ari dira bertsoaz gozatzen. Hamaika ikasle ari dira ahozkotasuna lantzen. Hamaika ikasle ari dira elkarrekin kantuan ongi pasatzen. Uste duguna baino garrantzitsuagoa da hori. Hurrengo gakoa, zera da: Nola egin dezakegu taldeari eusteko? Nola mantendu bertso eskolak bizirik aurrera begirako proiekzioarekin? Esperantzatsu eta pozik gaude. Goza dezagun dagoen bitartean, eta segi dezagun etorkizuneko fruituak eman ditzaken lurra lantzen!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun