Zaila zait igaro ez den zerbaiti buruz iraganean hitz egitea, ez naiz politikoa. Ez dakit Iruñeko Udalean zer gertatu den, ezta lehendakaria aldatu ote zaigun ere. Horrez gain, bi gauza azpimarratu nahiko nituzke. Lehena, absentismoa bultzatzen duten iraultzaileentzat. Diskurtso denek ez dute balio. Herri eta auzoetan egiten den lan nekaezin eta boluntarioagatik izanen ez balitz, ez dakit non biziko ote ginatekeen. Gauza bat da sua piztea eta bestea kea saltzea. Iraultzaile zarela esatea erraza da, aldaketak eragiteko lan egitea iraultzaile izatea da. Bigarrena, herritarrentzat, oro har. Hauteskundeek garrantzia dute, noski. Batez ere, hor egoteko, bozkak, eserlekuak eta pertsonak behar direlako. Halere, hauteskundeen ondoren egiten den horretan dago ezkertiarron fokua. Telebistetako pantailatik herrietara, auzoetara, parlamentura eta herrigintzara bideratuko ditugu guk indarrak. Baina horretarako, denon beharra dago.