Batzuri udazkena etorriko zaie. Askori perretxiko eta onddo bila joatea etorriko zaio gogora. Inori orain bost urte Kataluniako erreferendumaren harira urriaren 1eko kale-protesta eta liskarrak etor dakizkioke burura. Bertsozaleenari lau urtean behingo txapelketaren burrunba sartuko zaio barruraino, astebururoko hara-honaka ibiltzea, saioz saio.
Altsasun ez zuten urri gozorik bizi. 2016an, ostatu batean gertatutako liskarretik ateratako muntaia polizialak, inoizko urriaren 15ik beltzena ekarri zuen. 2019an, berriz, sententzia atera zen, urriaren 9an. Urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatzen dute batzuk. Beste batzuok borroka eguntzat daukagu.
Aurten, urriaren 8an, Sareren ekitaldi eta mobilizazio handiak dauzkagu Donostian, ekimenari bukaera emanez. Nola ez ahaztu urriaren 19an «ospatzen» den Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna. Beste inoren urtebetetze eguna izanen da, eta hori ere, beretzat garrantzitsua. Herri honetan, onerako edo txarrerako, urririk ez dator urri. Ea zer dakarren datorren honek.