Nork du maskara?

Bi aldiz sanferminak, bi aldiz santiburtzioak, bi aldiz San Juan bezpera, beste bi aldiz Gabonak eta urte zaharra... Eta orain, bigarren aldiz galduko ditugu inauteriak?

Bi urte dira kutsatuak gora eta behera, intzidentziak gora eta behera eta neurriak gora eta behera (edo hobe esanda, neurriak gora eta gora) gabiltzala. Eta osasuna hainbeste aldarrikatzen dugun garaiotan, uste dut ahazturik dugula osasun mentala zer den, eta are gehiago, zein garrantzia duen. Kalera ateratzea, harremanak izatea, parranda egitea, «libre» ibil zaitezkeela sentitzea eta gazteak berez dituen ezaugarriak aprobetxatu ahal izatea osasuna da.

Nahikoa dela uste dut, beti berdinak jarri dira jo-puntuan azken bi urteotan (gazteak, kulturgileak...) eta neurriek zentzurik ez dutela denok dakigu (pasaportea, tabernen itxiera ordutegia, maskara aire librean...). Hortaz, kendu diezaiogun neurrien tranpari maskara eta jantzi ditzagun guk maskarak, mozorrotu gaitezen. Neurriak deuseztatzen hasteko eta gure neurrira bizitzeko garaia da, gaurkoa ezin izanen baitugu bihar edo hemendik hamar urtera bizi. Gaur, gaurkoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun