Gure bidera buelta

Erabiltzailearen aurpegia Urko Gartzia Aleman 2026ko uztailaren 26a

Denbora fite doan sentsazioa ohikoa da. Errutina antolatu batean murgilduta egoteak sentsazio hori indartzen duelakoan nago.

Astelehena: iratzargailua, lanera joan, etxeko gauzak egin (erosketa, garbigailua...) kirol pixka bat, teleberria ikusi, afaldu eta ohatzera. Asteartea: … Aste bat doan bezala, hurren-goa dator. Bakoitzak bere egunerokoa antolatuta, baina gurean galduak gaudela iruditzen zait. Errutinaren erdian, teleberria ikusten, sentsazio hori daukat. Izan Gazako genozidioa, AEBek piztutako gerra, zein etxegabetze, beti bi galdera datozkit burura: Nora goaz? Zer egin dezaket? Hala ere, lotara sartu, eta berriz iratzargailua… egunak joan, egunak etorri. Milimetrikoki antolatutako agenda batean galduta.

Barkatu, har dezagun tarte ttiki bat segitu aitzinetik. «Gure» diodanean, langile erran nahi dut, boterea baita galbidera garamatzana, teleberriak erakutsi bezala. Benito Lertxundik Gure bide galduak kantan dioen bezala, iruditzen zait, bizimo-du lasai baten truk idealak galtzen ditugula. Erranen nizuke, ahalik eta ideal gutien galtzeko, militantzia garrantzitsua dela mundu hobe bateranzko bidean, baina ederki dakit juridikoki zein sozialki estu gauzkatela. Beraz, errepresioa eta krimina-lizazio soziala salatuko ditut. Batak bertzea zilegi egiten baitu.

Errepresioaren kontra, eskubide zibil eta politikoen alde lerratzea ezinbertzekoa da. Ekainaren 20an Bilbon, Euskal Herriko hainbat eragilek egin bezala. Ez dira guti Euskal Herriko militanteok jasan ditugun pasarte errepresiboak: Berangon, preso politiko baten ongietorriagatik 16 auzipetu; Vito Quiles agitatzaile faxistari aurre egiteagatik guztira 36 atxilotu; Indar Gorriko kideek, bere jardun antifaxistagatik, azken bi urteotan 228.000 euro isunetan eta 98 atxilotu; urriaren 12an, Gasteizen Falangeari kontra egiteagatik 17 atxilotu; Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako euskal ekintzaileei egindako ongietorrian lau atxilotu eta kolpatutako andana… Honek ez du militantziaranzko biderik errazten, ezta «Zerbait eginen zuten, atxilotuak izateko» bezalako hitzek ere. Halakoak aditzean isildu garen arren, erantzuteko garaia da.

Orain, uda garaiko bestak datozela, une ezin hobea datorkigu, ildo horretan jaurtitako iruzkinei kontra egiteko. Udako bestetan edozein dela aldarria edo ekintza, hauei zilegitasuna kentzeko iruzkinak mila direlako. «Pankartek herria bestetarako zikintzen dute», «pintadek herria itsusten dute», «horiek ez dute jaleoa bertzerik nahi».

Baina ez. Amnistiaren aldeko aldarri, matxismoaren aurkako pankarta, etxegabetzeen aurkako pintadek edo Israel suntsitu dioten pegatinek, ez dute herria zikintzen. Matxismoak, preso politikoek, faxismoak, etxegabetzeek eta Palestinako genozidioak itsusten dute gure mundua. Horiek dira galbidera garamatzatenak. Paratu ditzagun mugak. Ekintza ttikienak ere laguntzen baitu mundu hobe bateranzko bidean. Miseria zilegitzen duten solasak ez ditzagun isilik onartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun