Sistema kapitalistak sortutako injustiziaren gogortasunaz kexaka, gehienak aritzen gara (osasungintza makala dela, etxebizitzak garesti daudela, bertzeendako lan egin behar dugula bizi ahal izateko…). Hala ere, sarritan egiten ditugu bizitza gogortzearen aldeko ekintzak. Nork ez du inoiz aditu langile bat bizitza ze gogorra den kexaka? Baina langile berberaren ahotik ailegatzen denean: «Nire bigarren etxebizitza, nire lanaren izerdiarekin erosi eta apartamentu turistiko bat paratu dut bertan, sos batzuk irabazteko». Ez al da bizitza gogortzen ari kontraesan hutsean, etxebizitzaren prezioak goititzeko inertzia bultzatzen badu ekintza horrekin?
Gehienondako kaltegarria den ekintza bat, moralki zerk egiten du zilegi, ordea? Nik argi dut, gizarte kapitalistaren tranpa eraginkorrenetako batek,
Meritokraziaren tranpak. Egia baita bere lanaren izerdiarekin erosi duela, baina izerdi horrek ondorioak deuseztatzen ote ditu? Langile horrek erran diezadake «egin ezazu iguala, niri ez dit inork deus oparitu». Eta hara hor Meritokraziaren amarrua! Pobrezia eta aberastasun ekonomikoa esfortzuaren araberako aukera bezala agertzen dira. Nahiz eta egia izan inork ez diola deus oparitu, Argeliako etxe txiro batean sortu izan balitz, ezin izanen luke bizi maila horretara ailegatu. Beraz, oparirik egin ez dioten arren, sorlekuak erraztasunak eman dizkio. Aldiz, Zarzuelan sortu izan balitz, ez luke soldatapeko lanak sortutako izerdia zer den jakinen.
Etxebizitza bizi ahal izateko ezinbertzeko beharra izan arren, sarbidea ez dugu bermatuta denok, bere merkantzia izaerarengatik. Negozioak ez daude beharrak asetzeko, sakelak baizik. Noski, hau ez da norbanakoen erabaki ttikien ondorio. Alderantziz, pertsonek erabakitzen badute etxebizitzarekin negozioa egitea, ahalbidetua dagoelako da. Eta ez da soilik ahalbidetua dagoela, bertze sektore batzuek ez duten errentagarritasuna du.
Hala ere, etxebizitzaren merkantzia izaerarekin akitzeko bidean, garrantzitsua da gizarte kapitalistan hedatuta dagoen zentzu komuna komun zulotik botatzea. Gure erabakiekin etxebizitzaren negozioa hauspotu beharrean, etxebizitza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoaren ideia hauspotzeko.
Gure kontraesanen aurka egin dezagun, langile klasearen alde. METAtu ditzagun indarrak.