Batzuen eskubideak bertzeen estu-bide

Erabiltzailearen aurpegia Urko Gartzia Aleman

Giza eskubideen alde kokatzen dugu geure burua gehienok, baina eskubideak estu-bide bihurtzen dira izatez negozio direnean, etxebizitzarena kasu.

Ekoizpen baliabide ezak estutzen du langile klasea negozio diren eskubideen aurrean. Hala ez balitz, etxebizitzarako sarbidea berdina litzateke ZARAko nagusiaren seme-alabendako eta etorkin behartsu baten seme-alabendako. Baina batak eskura dauka bidea, gerrikoak eta arropa salduz; eta bertzeak gerrikoa estutu behar, bidea egin ahal izateko badaukalako galtzak bete lan.

Garbi dugu hilzorian edo zauriturik dagoen edonork eskubidea duela medikuan artatu dezaten, eta hori dudan jar dezakeen galderarik ez zaigu heldu burura. Orduan zergatik ailegatzen zaizkigu duda moduko galderak etxegabetze bat denean? Etxea norena den? Nor diren etxegabetu behar dituztenak? Nongoak? Zerk bultzatu dituen ez ordaintzera? Zergatik bota behar dituzten? Neure buruari galdetzen ari naiz zergatik eta zertarako ote datozen galdera hauek. Galdera horietako erantzun posibleren batek justifikatzen ote du etxegabetze bat? Hala bada, zentzu komunak zentzurik ez daukalakoan nago. Zaurituak eta zaurgarriak gauza bat dute amankomunean, penaz begiratzen diegula, pena ez da laguntza bilakatzen bi kasuetan, ordea.

Iduritzen zait hain onartuta dugula bere merkantzia izaera, non ez zaigun etxebizitza unibertsal, doako eta kalitatezkoen eskaera sinesgarri egiten. Zergatik, ordea? Ez al dugu uste guziok behar dugula teilatu bat bizitzeko? Bizitzea ez al da eskubide bat? Medikuek sendatutako edonor hil dezake karrikako egoeran bizi beharrak. Nolatan onartu dugu baina, etxebizitza bezalako ezinbertzeko behar bat negozio izatea? Gure egunerokoaren zati handi bat eskubide hori erostera bideratzeraino gainera. Batzuetan hain da esfortzu handia teilatu baten lorpena, lorpenerako botatako izerdiaren merituak eraman baikaitzake pentsatzera etxebizitzarik ez duenak nahi ez duelako dela. Gizarteko azpiko geruzak hautazko balira bezala, sorlekuak, osasun mentalaren deribak edo bertze hamaika elementuk zerikusirik ez balute bezala.

Ederki dakit etxebizitzaren merkantzia izaera ez dugula onartu bihozgabeak izanagatik, sistema kapitalistak bere zentzu komunean hezi gaituelako baizik. Gainera, nola irudikatu etxebizitza doakoa eta kalitatezkoaren lorpena merkatu logika kapitalistak ezinezko egiten duelarik. Merkantzia guziak irabaziak lortzeko badira, nola izanen da etxebizitza salbuespen? Nahiz eta aunitzek erraten diguten instituzioetatik etor daitekeela aterabidea, nola hala izan logika hori puskatuko duen neurririk ezin bada ailegatu. Egoera irauli gabe, nik ere ezin imajinatu halakorik.

Zailtasunak zailtasun, bidegabekerien aurka egin dezagun eskubideei bidea egin ahal izateko. Konfrontazioa deserosoa da, etxejabea gure bizilaguna, laguna edo senidea denean batez ere. Baina zer da deserosotasun hori karrikako egoerarekin konparatuta? Etxegabetzeak gelditzeko klase elkartasuna beharrezko erreminta da. Erabil dezagun! METAtu ditzagun indarrak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun