Besarka gaitezen

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Iraola Urkiola 2019ko mai. 15a, 12:34

Vivian du izena. Orain dela urte bat eta erdi etorri zen Zarautzera, Euskal Herrira. Guatemalako Antigua atzean utzi, eta etorkizun hobe bat lortze aldera ekin zion migrazio prozesuari. Bost alaben ama da. Hasieran, lana erraz aurkituko zuela uste bazuen arren, ez zen horrela izan. Hilabete batzuk igaro zituen lana aurkitzerako, baina, azkenean, lortu zuen. Pakita, 95 urteko emakumea zaintzeko, barneko etxeko langile aritu da urte batez. Egunean, ordu eta erdi zituen libre, eta igandeetan 10:00etatik 20:00etara. Jai egun bakar bat ere ez zuen izan urte osoan, eta hilean 650 euro ordaintzen zizkioten. Horixe da euskal herritarron etxe eta baserri askotako errealitate gordina. Hitz batean esanda: esplotazioa.

Maiatzaren bata pasa berritan, langile klaseaz dihardute sindikatuek, baita askotariko mugimenduek ere, baina argi dago Euskal Herrian ere, ez herritar guztiok, ez langile guztiok ez dugula kategoria bera. Hasteko, herritar askok euren eskubideak aldarrikatzeko eta borrokatzeko aukerarik ez dutelako. Batetik, informazioa ukatzen zaielako (adibidez, barneko etxeko langileen inguruko arautegia). Bestetik, instituzioetatik kasu, iritsi berrientzako harrera plan osorik ez dugulako askotan, hala nola erroldatzearen tramitazioa eta garrantzia; bertako hizkuntza eta kulturaren inguruko oinarrizko formazioa; lan baimena eskuratzeko jarraibideak...
Vivianek urte baten ondoren, opor egun bat eskatu zuen. Ez zioten eman, eta erabaki zuen lanera ez joatea. Handik hilabete batera kaleratu zuten. Babes handirik gabe, maletak hartu eta bere lantoki eta bizitoki izan zena utzi behar izan zuen. Kontratatzaileek, berriz, segituan lortu zuten beste langile bat, txintik esango ez zuena. Ea noiz arte.  

Nolako paradoxak gertatzen diren etxeetan, ezta?

Maiatzaren batean, kalera irteten gara milaka langile geure eskubideen alde, kapitalaren aurka, aldiz, hainbat langile dauzkagu gure etxeetako lau pareten artean. Nolako jarrerak hartzen ditugu gure amonak, aitonak, izebak, osabak... zaintzen dituztenen lan eta bizi baldintzen inguruan? Feminismotik hainbat ekarpen egiten dizkiogu klasearen ulerkerari. Batetik, klasea ez da soilik kapitalaren eta enpleguaren arteko gatazkan kokatzen; ekonomia araututik kanpo dauden harreman, arraza, genero edota jatorriarekin ere lotuta dago. Langile klasea zabala eta konplexua da: musu-truk lan egiten duten etxekoandreak; langabeak; prekarioak; edota zerbitzuetako, eskoletako, zaintzako, nekazaritzako, bulegoetako emakume enplegatuak... Bestetik, zaintza lanek ahalbidetzen dituzte bizitza duinak eta bizigarriak. Nahiz eta kapitalismoak lan horiek bigarren mailakotzat jo, horri muzin egin eta nola duindu genitzake gure bizitzak eta inguruan ditugun langileenak? Herrigintzan dugun erronketako bat da bizi komunitateak sendotzea eta elkartasun sareak ehuntzea. Finean, giza-eskubideen, pertsonen eta herrien artean besarkatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun