Galdera potoloa da, baina iruditzen zait 1514. urteko gertaera haietaz mintzatzerakoan, aintzat hartu behar dugula, ordukoan gure herrian zer gertatu zen. Burura datozkit Zugarramurdin eta bailaran sorgintzat jo eta auzipetutako 300 herritarrak, baita Logroñoko epaiketan (1610) erail zituzten 12 herritarrak (gehienak emakumeak, noski) ere. Baina, zein izan zen Europa osoan zabaldu zen sorgin-ehizaren helburua? Lancre inkisidorearen aginduz, Euskal Herrian, ehunka lagun prozesatu eta exekutatu zituzten. Hona bere hitz batzuk: «euskal emakumeek sagarrak besterik ez dituzte jaten». Alegia, Evak bezala, debekatutako sagarrak jaten zituztela, eta, hortaz, bekatariak zirela. Bestalde, XV. eta XVI. mendeetan, Espainiako Errege Katolikoen (Castillako Isabel eta Aragoiko Fernando) aginduz, Abya Yalako lurretarako joan ziren Cristobal Colon eta, harekin batera, beste hainbat. Besteak beste, hango herritarrak «zibilizatzea» zuten helburu, eta horretarako inposaketa izan zuten oinarri, eta bi tresna nagusi: erlijio kristaua eta gaztelania.
Aipatutako kontakizunak garai bertsukoak diren arren, oso leku desberdinetan gertatu ziren, baina ba al dute antzekotasunik? Baietz esango nuke. Modernitatearen sustraiak daude bertan, hau da, arrazoiaren, eskubideen eta askatasunaren Europa definitzen hasten denekoak. Esaldi honek definitzen du zein zen sasoi hartako filosofia: «pentsatzen dut, beraz, banaiz». Baina Karina Ochoa Mexikoko soziologo eta ekintzaile feministak dioen moduan, «arrazionalitate modernoak behar du genozidioaren ekintza irrazionala, eta are gehiago, ez dago modernitaterik esklabutzarik gabe». Alde horretatik, nahiz eta garai hartako jazoerek Euskal Herrian edo Abya Yalan modu eta dimentsio diferenteak zituzten, bortxa tresnatzat hartuta, hitzarmen sozial berri bat inposatu zen, zeinetan arautu ziren izateko, egoteko, pentsatzeko eta ekiteko modu jakin batzuk.
Hortaz, historiaz ari garela, eta, batez ere historia birdefinitzeaz, garrantzitsua deritzot memoriaz ere aritzea. Etenik izan ez duen memoria bakarra garaileena da, baina euskaldunona, emakumeona, indigenona... horrelakorik izan ez denez, horietan arakatzeko gonbitea egin nahiko nuke; ez hainbeste testu liburuetan begiratzekoa, baizik eta gure gorputzetan eta inguruan ditugunetan arreta jartzekoa. Eraiki ditzagun zubiak, piztu ditzagun suak, eta sortu ditzagun memoria dekolonialak.