Martxoaren 8ko kolosalaz

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Iraola Urkiola 2018ko mai. 26a, 19:00

Lehen kolaborazio honetan, gure herrian nahiz munduan martxoaren lehen astean izandako kolosalaz hitz egin nahiko nuke, hots, martxoaren zortziaz. Askok eta askok geure buruei, nola ingurukoei egin diegun galderetako bat erantzuten ahaleginduko naiz, edo, behintzat, nire erantzunak ematen. Zerk eragin zuen hainbeste emakumeok- adinduek, gazteek, beltzek, elbarriek, pentsiodunek, langabetuek, etxeko langileek...- kaleak hartu izana? 

Eragin zuten faktoreak asko direla uste arren, hiru azpimarratuko ditut: alde batetik, hain gutxi baloratu den eta berebiziko garrantzia izan duen mugimendu feministaren lana. Azken berrogei urteetan egindako kontzientziazio eta pedagogia lanaren fruitua izan da, neurri handi batean behintzat. Beste alde batetik, ilusioa pizteko izandako gaitasuna. Eta hau ez da lorpen makala izan. XXI. mendean, garaipenaren egun handiaren esperantza abailtzeak eta XX. mendeko proposamen eraldatzaileen gainbeherak etsipena eragin dute jendartean, eta, batez ere, ezkerreko mugimenduetan. Azkenik, zer ikusi handia duen beste aldagai bat hauxe izan da: greba formatu klasikoa – eremu produktiboari dagokiona, hain zuzen- gainditu eta borroka bizitzako dimentsio gehiagotara zabaltzea, bai lantokietara, bai etxeetara, bai kontsumo ohituretara.
Ondorioz, bizitzaren ia eremu guztietan eragin zuen martxoaren zortziak, baina, batik bat, zaintza eta etxeko lanen eremuak. Agerian utzi genuen emakumeok historian zehar, eta, egun ere, egiten ditugun zaintza lanak ezinbestekoak direla jendartearen eta bizitzaren erreprodukziorako. Egun batez bada ere, emakume askok elkarrekin bizkar gaineko motxila kendu eta atseden hartu ez ezik, lan horien guztien aitortza ere aldarrikatu genuen.


Argi dago azterketa eta analisi askotarako bide emango duela aurtengo ekimen honek, baina, ezbairik gabe, pausu kualitatibo bat eragin du Euskal Herriko emakumeon eskubideen aldeko mugimenduan. Legitimitatea eta autoritatea irabazi dugu feministok herri honetan, ez instituzioen edo eragileen aldetik, askotariko emakumeen partetik baizik. Eta hori lorpen ikaragarria da. Zorionak, kalean, etxean, lantokietan, ohean... greba egin zenuten guztioi.


Hala ere, patriarkatuak jarraitzen du, egunero, gu erasotzen, adibide gisa ditugu, bai 'La Manadaren' epaia, bai hilabete batean izandako erailketa matxistak ere. Horregatik, borrokan segitzea dagokigu, orain arte bezala, emakumeon arteko enpatia ariketa erradikala eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun