Hain erraz eta solas gutitan adierazitako gaiak zailtasun eta problema ugari daramazki berekin. Izan ere, legea jendearen bizimodua egokitzeko izaten ahal da, baina baita bizimodu hori okertzeko ere. Aunitzetan legea jende arrunt eta menpekoari betearazten zaio, ahaltsuek, kargudunek eta dirudunek axolagabeki baztertzen duten bitartean. Berriki aritu dira Legebiltzarrean gobernuak 'segurtasun legea' izendatutakoaz eztabaidan. Eta gehienen nahia lege hori kendu edo aldatzea da herritarren mintzatzeko eta manifestatzeko eskubideak ukatzen baititu neurri handi batez. Hor dabiltza lantegietako hartu-emanen legearekin ere gatazkan, langileen irabazi eta zenbait eskubide murrizten dituelako, nagusienak soberan zaintzen dituen bitartean. Bi adibide ditugu.
«Hara legearen tranpa. Legearen ustezko santutasuna, eta ondoriozko nagusitasuna agintarien botere makila bilakatzen da».
Hara legearen tranpa. Legearen ustezko santutasuna, eta ondoriozko nagusitasuna agintarien botere makila bilakatzen da. Legeak eurek sortu, eurek aldatu, eta betearazi edo ez betearazi eurek erabakitzen baitute. Eurak dira legegileak, legebiltzarra; eurak dira lege interpretatzaileak, epaileak; eta eurak ditugu lege betearazleak, gobernua, armada eta armadun guztien babesaz. Lege betearazleak legegileek hautatzen dituzte, gobernua legebiltzarrak hautatzen du; epaileak legegileek eta gobernuak aukeratuak dira. Erabaki guztiak agintarien esku daude. Legezko agintarien esku, eta, neurri batean, horietan eragiten duten de facto edo egitatezko bertze boteredunen baimenarekin: dirudunak, batez ere.
Legeak ez dira santuak, ez. Legegileak ere, aunitzetan, santuak ez diren bezala. Gehiago eta gogorrago erran behar ote genuke, hainbatetan, gaizkileak direla? Jende aunitzi kalte egiten baitiote. Egunero aditzen eta sentitzen ari garena hori da.